GAUR8 - mila leiho zabalik

Orain dela hogei urte bezala, «ezkerra iraulka»


Ezkerreko indarren baitan mugimendu interesgarriak ematen ari dira. Pasa den irailean laboristen alderdiko lidergoa aurreikuspen ororen aurka Jeremy Corbynek eskuratu zuen. Orain, Ameriketako Estatu Batuetako demokraten hautagaia aukeratzen ari diren honetan, Bernie Sanders eta Hilary Clinton elkarren arteko lehia parekatuan ikusten ari gara. Corbyn eta Sandersek hainbat ezaugarri partekatzen dituzte. Biak dira adinez helduak. Batak zein besteak ezkerreko posizioak mantendu dituzte urte luzez euren alderdien barnean, egia esateko, predikamendu handirik gabe. Posizio erradikal horiekin alderdion korronte nagusietatik kanpo ibili dira eta eragin mugatua izan dute nork bere alderdian. Biek klase diskurtsoa berreskuratu dute eta nonbait zaharkituta zeuden hainbat kontzeptu berriz ere ozen entzuten dira: langile klasea, langileen eta kapitalaren arteko borroka, klase gatazka, eta abar. XXI. mendean sartu gara, baina XX. edo XIX. mendeko diskurtsoak modan jarri dira ostera. Zerbait sakona aldatzen ari den seinale.

Teoria neoliberalak oinarri hartuta, Ongizate Estatuaren aurkako erasoa hasi zuen kapitalak. 80ko hamarkadan oinarriak jarri zituen, baina benetako erasoaldia Berlingo harresia erori ondoren, 90eko hamarkadan, garatu zuen. Garai hartan eraso horien aurrean mehatxuaren tamaina islatzen zuten diskurtsoak egin zituen ezkerrak. Gizarteak, ordea, ez zuen arriskua ikusi eta ez zituen larritasun diskurtso horiek ez onartu ez partekatu.

Aldaketen norabidea ikusita, indar aurrerakoien artean bestelako galderak ere azaleratu ziren orduan. Esate baterako, Ongizate Estatua nola desmuntatzen ari ziren ikusita, ezkerraren aldarrikapena ezin zela izan lehen bezala gelditzea planteatu zen. Jarrera politiko horrek, baina, ez zuen etorkizun handirik izango. Izan ere, atzera begira egoteak nostalgia besterik eragiten ez badu ere, etorkizunari begirako bestelako proposamenak formulatzen ere ez zen asmatu. Orduan antzeman egiten zen erasoa, baina, azken urteotan bere ahalmen guztiarekin garatu dute boteretsuek. Ongizate Estatua modu planifikatuan ari dira desegiten, murrizketak pausoz pauso ezarriz: pentsioak kalkulatzeko moduan, erretiroa hartzeko adinean, hitzarmen kolektiboen irismenean, langileen eskubideetan, zerbitzu publikoen pribatizazioan, gizarte zerbitzuetan... Boteretsuek eurek ere ez dute ezkutatzen gerra batean daudela eta eurak irabazten ari direla. Testuinguru horretan, gizarteak orain bai ulertu du bere ongizatearen aurkako eraso zuzena pairatzen ari dela; ondorioz, klase borrokan oinarritutako garai bateko diskurtsoak gehiago eta hobetu ulertzen ditu. Diskurtso horiek oraingo honetan jendearekin konektatu dute.

Klaseen arteko konfrontazioa areagotzeak adostasunean oinarritutako diskurtso hutsalak baliogabetu egin ditu eta sozialdemokraziaren espazio politikoa hustu egin du. Ongizate Estatua klaseen arteko nolabaiteko tratua izan zen: aberastasunaren banaketan eta Estatuaren gestioan parte hartzearen truke, langileen ordezkariak –sozialdemokraziak– bake soziala bermatzen zuen. Eremu horretan, sozialdemokrazia eroso sentitu da eta ondo mugitu da. Klase gatazka berpiztu denean, berriz, mezu bateratzaileak eta gutxikako lorpenen bidea indargabetuta gelditu dira. Hutsune hori betetzeko betiko diskurtsoak eta lider zaharrak itzuli dira.

Giro horretan, Yannis Varoufakis Greziako Finantza ministro ohiak DiEM25 mugimendua aurkeztu zuen pasa den astean Berlinen. Aste honetan Madrilen “B plana” topaketak egingo dira. Eztabaida, hausnarketa eta ekimenak aurrera eramateko espazio berriak irekitzen ari dira ezkerreko indarren artean. Proposamenen esparruan, momentuz, berrikuntza handirik ez. DiEM25 manifestuaren arabera, adibidez, Europa demokratikoa eraikitzeko subjektua herriak dira. Lelo horrekin hurbildu zen Herri Batasuna Europara Maastritcheko garaian. Orduan, “Ezkerra iraulka” jardunaldiak antolatu ziren ezkerra berritzeko. Gauza berdinei jira eta buelta jarraitzen dugu. •