27 FEB. 2016 Ezezkoak Mirari Martiarena Lanak pilatu ohi zaizkit. Beti izan naiz egitekoak azken momentura arte uzten dituen horietakoa. Presiopean hobeto funtzionatzen dudanaren aitzakia askotan erabili dut. Baina presioak gain hartzen didanean kontrola galtzearen sentsazioa izaten dut. «Hau ere pasako da!» esan eta aurrera. Kontua nahasten hasten da espero ez dituzun lanak iristen direnean. Hilabeteko azken astean zure betiko lana, kolaborazioak, etxekoak, baserrikoak eta marroiak elkartzen dira. Azken orduko marroiak gainera, eta «zuk oso ongi egiten duzu» esaldi politarekin makilatuta. Lore moduan esan badizute, nola esango diozu ezetz? Nire aingerutxo aurpegiarekin irribarre egin, barrutik sua hartu eta baiezkoa eman. Hor konturatzen zara larunbateko parrandako alkohol guztiak baino kalte gehiago egin diola irribarre horrek zure gibelari. Kosta egiten zait ezezkoak ematea. Ez dudala egingo edo ez dudala egin nahi esatea gaizki sentitu gabe. Bestearengan pentsatzea nire buruarengan baino lehen. Eta horrela bukatzen dut boladaka zurrunbilo baten barruan: gauzak zein ordenetan egin ezin erabaki, egin beharrekoak ahaztu edo Juan Pablo II.a aita santuaren amoranteari buruzkoak behar ez dizkiozun lagunari bidaliz (zuek ere jakin dezazuen: gure amona Pilarrek aspaldi esana zuen, ez da azken asteetako kontua). Orduan nire osasun mentala lehenetsi behar dudala esaten diot nire buruari. Etxean dudan ezezkoen kutxa zabaldu eta banatzen hasten naiz. Lehenengo ezezkoa banatzea da zailena. «Ez dakit» batekin hasten delako. Baina badakizu «ez dakit» horrek zalantzarako bidea uzten duela eta konbentzitu egingo zaituztela. Beraz, hasieran ezezkoak asmatutako aitzakiaren batekin joango dira apaindurik. Baina horiek gastatu ondoren ezezkoak ematen dira gaizki sentitu gabe eta aitzakiarik asmatu behar gabe. Eta orduan sentitzen duzu «oso pozik nago» esaldia. Azken asteetan zurrunbilo baten barruan nagoela sumatzen dut. Ezezkoen kutxa begiratu dut eta hutsik dago. Betetzera noa. •