GAUR8 - mila leiho zabalik

Samira ghettoan


Samira gasteiztarra da, marokoar jatorriko gasteiztarra. Hamabi urte daramatza bertan eta bertan jaio da bere semea. Goi mailako ikasketak dauzka eta egoera ekonomiko erosoa, baina bere izenak eta izanak arabiar jatorria salatzen dute. Semea irakaskuntza hitzartuan matrikulatzea erabaki eta zenbait ikastetxetara jo du haurrarentzako aurrematrikula egitera. Bost eskolatan izan da, eta denetan, hurrenez hurren, erantzun berbera jaso du: ezetza. Eskaera orria betetzen ere ez diote utzi. Batzuetan erlijioa izan da aitzakia, baina eskola hitzartuak ere, diru laguntza publikoak jasotzen dituztenez, behartuta daude erlijio katolikoaren ikasgai alternatibo bat eskaintzera. Besteetan ohartarazi diote eskola horretan «ordaindu egin behar» zela, eta berak «jakinaren gainean» zegoela erantzun, dirua ez zela «arazoa». Aitzakiak aitzaki irakaskuntza zentro horietan guztietan izena emateko aukera ukatu egin diote. Samirarena Steilas sindikatuak burututako esperimentu baten ariketa da. Ikerketaren emaitza, baina, argigarria da: bisitatutako ikastetxe guztietan ateak itxi dizkiote.

Kontu xelebrea da irakaskuntza hitzartuarena. Eskola pribatuaren ezaugarriak ditu, alegia, ikasleria hautatu eta bazter dezakete arraza, erlijio edota ekonomia irizpideen arabera; baina, aldi berean, diru laguntza publikoez elikatzen dira, baita baztertutako ikaslegaien familiek ordaindutako zergetatik datozen diru laguntzez ere.

Lehengoan auzokide batek bere kezka azaldu zidan alaba eskola publikoan matrikulatzeko nire asmo irmoa agertu nionean. Auzoko ikastetxe publikoan ikasleen %50 etorkinen seme-alabak direla zioen; eta, ondorioz, ghetto hutsa bilakatu dela. Ezetz erantzun nion nik, ghettoa, izatekotan, Samirak bisitatutako ikastetxe hitzartuak direla; burbuila horietan kolore, hizkuntza, erlijio eta gizarte maila berekoak baitira ikasle guztiak... Horixe da, bada, ghettoa! •