GAUR8 - mila leiho zabalik
«BELDURRA ETXEGABETZEN»

Etxegabetzeen aurka, bakarka baino, kolektiboki gehiago egin daitekeelako

Etxegabetzeen drama azalerarazten du Txus San Vicente eta Sergio Eliak egindako «Beldurra etxegabetzen» dokumentalak. Arazoa lehen pertsonan bizi izan dutenen testigantzak biltzen ditu, eta amorrutik esperantzarako bidea egiten du; PAH plataformak aipatu egoeran dauden kaltetuak bideratzen dituen esperantzara, hain zuzen.


Umeak, etxetik botako gaituzte eta ez dakigu nora joango garen». Jesus da bera, “Beldurra etxegabetzen” dokumentaleko protagonistetako bat. Izan zitekeen, baina, Marcos, edo Ana, edo Maria, edo Dani, edo Sirley... Guztien arazoa bera baita, kasu bakoitzaren partikulartasunak aintzat hartuz betiere.

Hori da Txus San Vicente eta Sergio Eliaren artean osatu duten lanetik atera daitekeen irakaspen nagusia: partikulartasunak partikulartasun, arazo beraren aurrean aurkitzen dira etxegabetze arriskuan dauden pertsona guztiak. Horregatik, eta beste irakaspen bat mahaigaineratuz, askoz errazago egiten zaio aurre etxegabetze egoera bati modu kolektiboan arituz gero, norbera bere bankuarekin borrokan sartuz gero baino. Eta kolektiboki aritzeko zer hobeto Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformaren (PAH) atea jotzea baino. Egoera horiek guztiak azaleratzen ditu dokumentalak.

Hipoteka eske

Izan eraikuntzako langile, zerbitzari, garbitzaile, arotz edo dena delakoa, guztiek jaso zuten etxebizitza berri batean sartzeko beharrezkoa zuten hipoteka. Egoera ekonomiko jakin batean jaso zuten, eta berau itzultzeko baldintza jakin batzuk zituzten. Baina hasiera-hasieratik ageri dira irregulartasunak.

Adibidez, Sirleyk azaltzen du hipoteka sinatzera joan zen egun berean diru gehiago eskaini ziotela, baina ez zuela onartu. Jesusek, aldiz, azaltzen du baldintzen berri eman ziotenean ez zituela esandako guztiak ongi ulertu, baina notarioak ez zizkiola berriz azaldu, «atzetik beste familia bat baitzuen hipoteka berri bat sinatzeko zain». Alor judizialean lanean dihardutenek, baina –PAHren aholkularitza dute–, zalantzan jartzen dute bankuen jokabidea, bezeroak engainatzera dedikatzen zirela adieraziz.

Lehenengo arazoak

Iritsi zen unea, arrazoi ezberdinen ondorioz, hipotekak ordaintzeko arazoak agertu zirenekoa. Egoeraren aurrean, modu berean erantzun zuten guztiek: bankuarengana jo eta aterabideren bat eskatu zuten. Mariak azaltzen du bankura jotzen zuenean bertako langileek ez ziotela kasurik egiten: «Alde batetik bestera ibiltzen ziren, niri inolako kasurik egin gabe. Bertatik negarrez irtetea nahi zuten». Danik, bestalde, adierazten du bankuan eman zioten soluzio bakarra gehiago zorpetzea izan zela: «Zorra leuntzen lagundu beharrean gehiago gizendu nahi izan zuten».

Marcosi jazotakoa oso adierazgarria suerta daiteke. 25.000 euroko zorrarekin geratu zen, eta bankuak honako proposamena egin zion: hamabi urtera hilean 630 euro ordaintzea. Horrek 25.000 euro ez, 90.000 ordaintzea esan nahi zuen. «Ni engainatzen ari ziren!», salatu du.

Norbanakotik kolektibora

Erruduntasun sentimendu batekin jotzen dute kaltetu guztiek plataformara. Sentitzen dute eurak direla bizitzen ari diren egoeraren erantzule nagusiak, bankuek eurekin jokatu dutela ahaztuta. Horretarako balio du plataformara jotzeak, kontzientzia berreskuratzen laguntzen duelako. Horrez gain, garbi erakusten du dokumentalak eskubide urraketa sistematiko bati, modu globalean garatzen den bati, hobe dela kolektiboki erantzutea, indar gehiago duela kolektiboak norbanakoak baino.

«Asko kostatzen da biluztea, norberaren egia hori kontatzea», dio Sirleyk. «Asanbladek duintasuna itzultzen dizute», gaineratzen du Danik. Asanbladek eskainiriko elkartasun horri eta norberak bizi duen egoeratik ateratzeko egiten duen indarrari esker lor dezakete etxegabetze arriskuan aurkitzen direnek arazoa gainditzea. Hori, gainera, bakarrik beharrean modu kolektiboan eginez gero, askoz hobe.

Txus San Vicente

«Kasu bakoitza ezberdina da; eskubide urraketa, aldiz, modu sistematikoan ematen da»

Sergio Elia eta Txus San Vicente dira “Beldurra etxegabetzen” dokumentalaren egileak. 2015aren hasieran heldu zion elkarrizketa honen protagonistak dokumentala egiteko ideiari, eta urtebete pasatxoan egikaritu du. Lana burutzeko ikerketaren eta gidoiaren ardura izan du San Vicentek; kamera eta irudiarena, berriz, Eliak. Martxoaren 3an egin zuten lehenengo emanaldia, eta apirilaren 5ean izango da hurrengoa, Iruñeko San Jorge auzoko Civivox zentroan.

Noiz eta nola bururatu zitzaizun etxegabetzeen inguruko dokumental bat egitea?

Baneraman denbora bat etxegabetzeen aurkako plataformetara gerturatzen. Bizitzen ari ginen une historikoa modu egokian islatzen zuten testigantzak entzuten nituen bertan, eta, era berean, ustezko zuzenbide estatu batean ematen ziren eraso latzen zuzeneko testigu nintzen. Erasoak –etxebizitza eskubidearena, batez ere–, gainera, sistematikoak zirela ikusten nuen, hots, modu global batean ematen zirela. Hala, momentu historikoaren erretratu bat egin nezakeela ikusi nuen.

Zein zen lanaren helburu nagusia?

Gertatzen ari zena salatu eta sentitzen nuen amorrua konpartitzeaz gain, etxegabetze egoera baten aurrean aurkitzen zen jende horren guztiaren artean esperantza barreiatzea zen lanaren helburu nagusia. Aditzera eman nahi nuen badirela moduak etxegabetzeen arazoarekin amaitzeko; bategite eta kontzientziazio lan baten ostean egoera horretatik atera daitekeela erakutsi nahi nuen.

Nola eta zergatik hautatu zenituzten dokumentalaren protagonistak euren testigantzak eman zitzaten?

Protagonisten hautatze prozesua modu natural batean eman zen. Aurrez adierazi bezala, baneraman denbora bat etxegabetzeen aurkako plataformetara gerturatzen. Horrek ahalbidetu zidan ondoren dokumentalaren protagonista izango ziren pertsona batzuk zuzenean ezagutzea, baina baita plataformako kideen partetik hirugarren batzuen esperientziak ezagutzea ere. Hala, eta grabaketekin hasi aurretik, guztien testigantzak entzun nituen, bakoitzaren kasua ahalik eta sakonen ezagutzeko asmoz.

Gidoia, berriz, aipatu testigantzak jaso ahala hasi nintzen irudikatzen. Ikusten nuen kasu bakoitza ezberdina izanagatik bazela guztiak lotzen zituen hari bat: lana galtzea, hipoteka ordaintzeko arazoak izatea, bankuarekin izaniko harreman zailak eta plataformara jotzea. Plataformara iristean euren arazoa kolektibizatu eta kontzientzia bat hartzen zuen kaltetuak; erruduntasun sentimenduarekin gerturatzen zena ohartzen zen benetako errua ez zela berea. Metamorfosi horren ostean arazo gehienak konpondu izan dira, bakoitza bere moduan, hori bai.

Grabaketekin hasterako ideia bat izango zenuen. Ostean, bete al dira zure aurreikuspenak?

Plataformetara gerturatzen denbora bat neramanez, nahiko argi neukan zerekin aurkituko nintzen. Baina, hala ere, izan da harritu nauen konturik ere. Horietako bat izan da plataformek jendea hartzeko izan duten gaitasuna, psikologikoki hauekin izan duten tratua, hauek ahalduntzeko izan duten gaitasuna. Lur jota iristen zen jendea eta, plataformaren bidez, lortzen zuen egoerari buelta ematea. Bestalde, oso gogorra izan da ikustea muturreko egoera baten ondorioz familietan gatazkak sortzen zirela. Senideen artean tentsio handiak sortzen dituen egoera da, kaltetuaren egoera psikologikoan eragin handia duena.

Testigantzak jasotzean, zer sentimendu nahastu zaizkizu?

Sentimendu asko nahasten dira. Amorrutik abiatuta esperantzara bidean jartzen zara, tristura momentu batzuk igarota. Amorrua eragiten dizu, batez ere, kaltetuek bankuen aldetik jaso duten tratua ezagutzen duzunean, baina esperantza ematen dizu plataformen inguruan sortu den mugimenduak emaitzak ematen dituela ikusteak.

Hasieran jarritako helburuak ba al du islarik lanaren emaitzan?

Dokumental bat egiten dudan lehen aldia da. Gainera, oraindik oso fresko daukat dena eta ez naiz gai emaitza baloratzen hasteko. Hala ere, esan dezaket gustura gelditu naizela, dokumentala hasierako ideia haren emaitza dela ikusten baitut. Amorru hori, egoera baten salaketa egite hori jasotzen du lanak, baina esperantzarik ere badagoela erakusten du. Hala, alde politikoa eta humanoa nahiko orekatuta geratu zaizkidala uste dut; testigantzak eman nahi nituen, baina egoera honen erantzuleak diren horiek ere seinalatu nahi nituen.