19 MAR. 2016 KUTSADURA Osasungarritasun ezak 12,6 milioi gizaki hiltzen ditu urtean XXI. mendean Ingurumenaren osasungaiztasunak –airearen, lurraren eta uraren kutsadurak– eta gai kimikoekiko eta izpi ultramoreekiko esposizioak urtean 12,6 milioi heriotza eragiten dituzte, OME Osasunaren Mundu Erakundeak argitara eman duen azken txostenaren arabera. Umeak eta zaharrak dira biktimarik zuzenenak. joseangel.oria@gaur8.info Gaixotasunak prebenitu giro osasungarrien bitartez: ingurumen arriskuekin lotutako gaixotasunen pisuari buruzko munduko ikerketa” izeneko txostenak nabarmentzen du heriotza horietako asko saihesteko modukoak direla. Lanaren ondorio nagusia da munduko heriotzen %23 inguru ingurumen arrazoiekin lotu daitezkeela gaur egun: 12,6 milioi hildako, gehienak saihesteko modukoak. Airearen kutsadura litzateke faktorerik hilgarriena: 12,6 milioi horietako 8,2 milioi inguru. Ikerketaren egileek tabakismo pasiboa ere atal horretan sartu dute. Saneamendu egokirik ez izatea, edateko moduko ura lortzeko arazoak izatea, lurrean utzitako substantzia kimikoek eta agente biologikoek eragindako kutsadura, eta klima aldaketa ere ageri dira XXI. mendeko gizakiak hiltzen dituzten faktoreen artean. «Herrialdeetako agintariek herritarrak giro osasuntsuan bizi eta lan egin dezaten neurririk hartzen ez badute, milioika lagun gaixotuko da eta behar baino lehen hilko dira», adierazi zuen asteartean Maria Neira OMEko Osasuna eta Ingurumena saileko zuzendariak. Umeak dira ingurumen arriskuek gehien kaltetzen dituzten gizakiak, bost urtetik beherakoak batez ere. Baita 50 urtetik gorako helduak ere. OMEko adituek egin dituzten kalkuluen arabera, ingurumena hobeto zainduz gero, bost urte bete gabe dituzten 1,7 milioi ume salbatuko lirateke urtean. 50 eta 75 urte bitartekoei dagokienez, urtean 4,9 milioi lagunen heriotza ekidingo litzateke. Umeak eta zaharrak Beherakoekin lotutako gaixotasunek eta arnas infekzioek umeak kaltetzen dituzte batez ere, eta kutsakorrak ez diren gaitzak helduen kontua izaten dira, txostenaren arabera. Azterketa kontinenteka eginez gero, Asiako hego-ekialdea eta Ozeano Bareko mendebaldea dira ingurumenarekin lotutako arazo gehien dutenak, herrialde horietan mundu osoko populazioaren zati handi bat bizi baita. Aipatu eremuko herrialdeetan kutsadurak eta gai arriskutsuekiko esposizioak 7,3 milioi pertsona hiltzen dituzte urtean. Kasu gehienetan barruko zein kanpoko aire kutsatua arnasteagatik hiltzen dira. OMEk eman dituen datuen arabera, Asiako hego-ekialdean 3,8 milioi gizaki osasungarritasun ezak hiltzen ditu, eta, Ozeano Bareko mendebaldean, 3,5 milioi. Afrikan urtean 2,2 milioi heriotza izaten dira, Europan 1,4 milioi, Mediterraneo itsasoko ekialdean 854.000, eta, azkenik, Amerikan zertxobait gutxiago, 847.000. Zer egin? OME erakundeak makina bat gomendio egin ditu egungo egoera negargarriari buelta eman ahal izateko. Esaterako, sukaldean erregai solidorik ez erabiltzea (edo gutxiago erabiltzea) gomendatzen du. Gauza bera egin behar da etxeko argiarekin edo berogailuarekin, keak gizakiak gaixo ez ditzan. Beherakoei aurre egiteko, berriz, ez dago edateko moduko ura eta saneamendu egokia izatea bezalakorik, erakundeko adituen arabera. Autoek eragiten duten kutsadura ere murriztu egin behar da, OMEkoen ustez, eta hori lortzeko neurriak eskatzen dizkie agintariei. Auto-istripuak ere aztertu ditu txostenak, ingurumenarekin lotutako heriotzak eragiten dituztelako. Eta saihesteko modukoak direlako. Hildakoen kopurua murrizteko azpiegiturak hobetzeko eskatzen dute. Tabakoari dagokionez, adituek diote gune publiko guztietan erretzea debekatu egin behar dela. «Moldatze neurri horiek arnas eta kardiobaskular gaixotasunen, traumatismoen eta minbizien pisua murriztuko lukete, eta horrek berehala eragingo luke osasun publikoak diru gutxiago behar izatea», Maria Neiraren hitzetan.