GAUR8 - mila leiho zabalik

Zenbat gara


Pasa berria den aurtengo Aberri Eguna, zenbat garen galderaren jirabiran emaniko bi proiekzioen aurreikuspenek hauspotuta iritsi zaigu. Eta hor sortu dira komeriak, zenbat garen adierazteko emaniko portzentajeak arras desberdinak izan direnean. Bazirudien lehen irakurketa batean bi prospekzioak gai beraz ari zirela; hau da, zenbatekoa da Euskal Herri independentearen alde legokeen masa kritikoa? Hala balitz, nola liteke prospekzioetako batek emandako portzentajeak besteak emandakoa bikoiztea?

Badakigu antzeko proiekzioak egiten direnean jendartearen iritzi eta ikuspegien gaineko aurreikuspena izateko asmo zientifikoen ondoan badirela bestelakoak ere, iritzi eta ikuspegia bera baldintzatzearena, hain zuzen ere.

Aipaturiko bi lanetako batean beren burua independentistatzat zuten herritarrak kontatzen zituzten ondorengo proiekzioaren iturburu izateko. Aldiz, Euskal Estatu berri bateko kide izateko borondatea erakusten zuten herritarrak hartzen zituen abiapuntutzat bigarrengoak.

Gauza bera ez al den galdetu lezake edonork? Kontua ez da gauza bera ote den edo ez. Kontua da imajinario kolektiboan nola irudikatzen duen gizabanakoak edota giza talde batek independentzia edo Euskal Estatua. Badirudi bi kontzeptu horiek euskal herritarrongan sortzen duten pentsamendu eta iruditegia desberdina dela.

Esan liteke aurkariek irudikatu izan duten independentziari buruzko kontzeptu zurrunak, hertsi eta bertikalak, muga eta berekoikeriaz josiak, eragin ezkorra izan duela euskal herritarron aurrejuzkuetan, eta, ondorioz, erabaki gaitasunean. Aldiz, modu berean ondoriozta daiteke Euskal Estatu berri baten kide izateko aukerak, sentimendu ireki eta zabalagoak, osatzear dagoen komunitate berri bateko kide sentiarazten gaituela eta hortik letorke hautua egiterakoan gehiengo zabalagoa alde agertzea.

Hala izan edo ez, euskal herritartasun berri bat eraikitzen ari garela ez dago zalantzarik eta horretan hizkerak duen garrantzia aintzat hartzekoa ez ezik, erabakigarria ere izan liteke. •