14 MAY. 2016 Euskarak «lobby»-a behar du Xabier Mikel Errekondo Zoritxarrez berriro ere itzeleko zaplazteko bi jaso ditu euskarak eta euskaraz bizi eta hezi nahi duten herritarrek. Biak Nafarroan. Esku gorrituak agerian dira, bata Madrileko Gobernuarena eta bestea agintepeko nafar beso juridikoarena. Nafarrek ez ei dute nonbait eskubiderik ETB ikusteko, ez haur eskolan D eredurik jasotzeko apur batek ezik. Zorionez erabaki biek euskara agenda politikoaren erdigunean jarri dute. Eta euskalgintza osoak erantzun egin du. Ikasle, guraso, irakasle, ikastetxe, sindikatu, alderdi zein instituzioek. Antza, bestetxetik egin erasoen aurrean ba da erantzuten. Bestela gertatzen da etxe barrutikakoekin. Alegia, gure instituzioetatik aplikatzen den hizkuntza politikarekin. Herri euskaldun eleanitza ez da pauso bakarrean eraikiko, gutxiago hirigune ia denak eremu elebakar erdaldunak direnean. Egungo egoera irauli beharra dago, eta, gustatu ala ez, egoera hori aintzat hartuta eragin. Ez bedi izan ausardia faltagatik, nahiz tonaka erakarmen dosirekin. Beza helburu bera konpartitu euskalgintza osoak. Euskal politikagintzan euskara ahatetxo itsusia da. Baita egun ere. Konplexuz betetakoak dira euskararekiko politikak. Udalerri mailatik hasi eta erkidegoetako gobernuetaraino. Mendoza eta Uriarteren (tx)epelkeriak azken lekukoak. Jendartearen gehiengoak euskara errespetatu eta maitatzen duenean, herritar euskaldun eleanitzak hezteko helburua konpartitzen dugunean, eskura ditugun gobernuek eta alderdi politikoek konplexuak gainetik astindu, euskara kohesio sozialerako tresnarik eraginkorrena dela barneratu eta estrategia ausartak abian jartzeko gai ez badira, norbaitek behartu egin beharko ditu. Nago norabide zuzenetik urrutitxo goazela Wert ministro ohiak Generalitateko hizkuntza politikari aurre egiteko Jaurlaritzarena babesten duenean. Politikagintza orok hizkuntza bakarra du ulertzen, lobby-ena. Uler beza euskalgintza osoak giltza soilik berak dezakeela izan, erremediorik gabe amildegira baikoaz alderdiak behartzeko adina indar lukeen lobby-a osatu artean. •