21 MAY. 2016 Errenta aitorpena Joxean Agirre Errenta aitorpena egiten dudan bakoitzean ohartzen naiz nire egoera ekonomikoa zeinen urria den. Urtean zehar, tira!, hilaren bukaerara iristen garen bitartean ez diot gaiari buelta gehiegirik ematen eta normalean ostrukarena eginez bizi naiz. Errenta aitorpena egiteko eguna iristean, ordea, paper ziztrin batean laburbildurik agertzen da egoera bere gordintasun osoan. Orduan, etsipenari biderik ez emateko edo, hasperen bat egin eta zenbat jendek maite nauen kalkulatzen hasi ohi naiz. Anai-arrebak ditut eta beti hartzen naute abegi onez; seme-alabak ere baditut eta ez didate disgusturik ematen eta poz handiak bai tarteka eta nirekin gogoratzen diren emakume batzuk ere badirela errepikatzen diot neure buruari. Emakume batzuk? Nondik atera ote dut datu hori? Urtean behin errenta aitorpena egiten den bezalaxe, beste egun bat beharko genuke maitasun aitorpena egiteko. Aholkularitza bulego batera joan eta ordenagailuan simulatuko ziguketen arlo horretan urtean zehar egin ditugun inbertsioak eta lortu ditugun emaitzak, maitasuna inbertsio dela oso zuzena ez bada ere. Maitasun platonikoek ez lukete bat ere deduzituko, are gehiago, zigortuta egon beharko lukete; maitasun erromantikoek bai eta sexuak askoz gehiago eta hau taldean praktikatzen duenari hobariak, dominak eta sariak eman beharko lizkiokete. Adiskidetasuna ere deklaratu beharko da, baina kontuz!, gaupasak eta parrandak ezingo ziren kontutan hartu. Badakit aitorpen konplexua izango zela, baina edozein modutan ere, tekla bati jo eta paper ziztrin batean ikusiko genuke urteko gure egoera gutxi gorabeherakoaren berri. Maitasuna, zoriona eta dirua ezin direla nahastu esan ohi da, baina nago batzuetan zalantzak ez ote diren sortzen. Lagun batek askotan esan ohi zuen diruak ez duela zorionik ematen, baina eragiten duen sentimendua hain dela antzekoa non nahasi egiten diren. Errenta aitorpenean aurten ere ordaintzea atera zaidan bezalaxe (mila bider esplikatu didaten arren ez ditut arrazoiak zehatz-mehatz ulertu), beldur naiz maitasun aitorpenean ere ez ote zaidan ordaintzea tokatuko, eta, ondo pentsatzen jarrita, ez zait bidekoa iruditzen, konpentsazio arau bat aplikatu beharko baitzen. Badakit Aldundiak ez duela nire egoera emozionalaren errurik, baina arlo honetan urri samar ibiltzeak kenkari, kenkizun edo dena delakoa (zein zaila da ogasunaren mintzaira) izan beharko luke errentarenean edo alderantziz, horrela justizia ikuspegi zabal eta gizatiarrago baten arabera bizi gaitezen. •