21 MAY. 2016 Harri bat trenbidean Gaizka Amondarain Irakaslea Hirira Lakuatik sartzen bazarete, Gasteizko etorbidean aurrera zoaztela eskumatara ikusiko duzuen fardo itxurako eraikin karratu hori da Europa jauregia. Cuerdaren garaian inauguratu zuten, 1989an, eta duela hiru urte inguru, Marotori fatxada bertikalean eraikitako golf zelai bihurtzea bururatu zitzaion –gizalegezko edozein alkatek inauguratu behar duelako golf zelai bat bere agintaldian zehar, historiaren itoginetan galduko ez bada–. Bi urte beranduago, fatxadako belar metro koadroen herena lehortuta zegoen. Inozoenak ere bai baitaki bertikalean ezin dela golfean aritu, eta belarra ez dela albo baterantz hazten, gorantz baino. Bere sotiltasun neurtuan, Europan gertatzen ari zenaren irudi bikaina oparitu zigun Javier Maroto alkateak burutazio harekin; konturatu ere egin gabe artean, izkinetatik desegiten hasia zen kontinente baten gainbehera sinbolizatu baitzuen eraikinaren aurrealdeari belardi itxura ematearekin. Abel Azconak ere sinatuko zukeen antzeko performance bat sasoi hartan. Pena da esperimentuarekin jarraitu ez izana; fatxada bere horretan utzi eta gainontzeko belarrekin zer gertatzen zen ikusteko, edo lehortea auzokideren baten txakurrak gorantz pisa egiten ikasi zuelako hasi zen jakitearren, adibidez. Bideo domestiko batekin grabatutako irudiei esker baieztatu ahal izateko guztiok nola ari zen auzokidea beste alde batera begira txakurrak eraikineko pareta bedeinkatzen zuen bitartean. Orain beranduegi da ordea. Iazko udan konponketa lanak hasi zituzten kongresu-jauregian, Gasteizko Udalak itxuraldaketaz arduratu zen enpresarekin zeukan kontratua bukatu ondotik. Europa –eraikina ez, bestea– ez dago perfomancetarako, hala ere. Europa bere horretan performance handi bat da: lehenengo aldian tragedia itxura hartzen duena eta bigarrenean fartsa hutsa den Eurovisionen emanaldi amaigabe baten antzeko zerbait. Gertatzen dena da krispetak jaten entretenituegi gaudela tragediaren nolakotasunaz ohartzeko. Hainbeste iragarki sartzen dituzte tartean gainera, minutu batzuk lehenago zerekin ari ginen ere ahaztu egiten baitzaigu maiz. Jroña que jroña. Gogoratu Greziarekin bestela. Europa performance bat bada, Greziari tokatu baitzaio kasu honetan lehen eszenan hil eta etxera doan aktorearen papera jokatzea. Hemen, ordea, Erasmuseko bi ikasle Stockholmen ospatu zen Eurovision galan ikurrina bat ateratzeagatik atxilotu zituztelako eskandalizatzen gara Europarekin. Zer eta ISISekoen pare jarri gu? Terrorista arriskutsuen aldean? Zein eta ikurrina? Izan balitz sikiera Bizardunak-ekoak bidali zituztela agertokian Nafarroako bandera atera eta eskandalu apur bat sortzeko. Edo Xabier Saldias agertu izan balitz inork espero ez zuenean, eta bibotea eginda, Espainiaren izenean rantxera bat abestu. Baina zergatik eta ikurrina bat ateratzeagatik, noiz eta 2016. urtean. Non eta Europan, giza eskubideen eta demokraziaren sehaskan. Izen ederra da Syntagma plaza batentzako. Bat etortzea. Elkar ulertzea. Adostasuna. Aita-semeen arteko besarkada –eta ez ama-alaben artekoa– Atenaseko plaza baten erdian. Sintagma batek bereizten du Grezia Europatik une honetan. Kontinente baten hegian gertatzen dena, kontinente baten hegian geratzen da. Beste kontu bat litzateke Parisen edo Berlinen balitz. Herrialde oso bat Europar Batasunak ezarritako bide-sariaren ondorioz hondoratzen ari dena. Muga muturren aurrean itxi eta helmuga erdietsi ezinik bide erdian gatibu geratu diren milaka batzuen etsipena. Txinatarrak ere albo batetik protestaka orain; Atenaseko portua erosi berri dutelako eta Europarekin lotzen dituen bide zuzenena Idomenin trenbide inguruan pilatutako 10.000 errefuxiatuen ondorioz itxita dagoelako oraindik ere. Merkantzia Bulgarian barrena garraiatzea ez zaie hain errentagarri ateratzen antza. Errazago kolokatzen baitira 50 tona kokaina Europako herrialdeetan barrena gaur egun, 50.000 errefuxiatu baino. Egia, batzuetan, horixe baino ez da, trenbidearen erdian ahaztutako harri bat. •