28 MAY. 2016 Behobia-Donostia Mirari Martiarena Maider haurdun dago. Josune haurdun dago. Mikel aita izango da. Urrian jaioko da Nagore eta Aitorren bigarren umea, baita Enararena eta Joanarena ere. Azkenaldian egunero entzuten ditudanak dira. Asko dira nire adin bueltakoak; beraz, moda baino, adina dela ondorioztatzeko ez da oso azkarra izan behar. Haurdunaldien albisteak gertukoenak direnean, jarraian datozen esaldiak ere oso ezagun bihurtu zaizkit: «zuk ere garaia baduzu», «zu ere animatu», «kontuz, arroza pasako zaizu», «nik zure adinerako bi alaba banituen», «izeba izan nahi dut...». Horrelakoak entzunda nire inguruan bi jarrera daude. Batetik, presio hori benetan sentitzen dutenak, eta, bestetik, umorez hartzen dutenak. Harrigarria egiten zait presio hori sentitzen dutenak nola itotzen diren, gainera. Ez dakit seguru zergatik den, beraiek haurdun ez daudelako edo zahartzen ari direla konturatzen direlako. Orain arte gu baino zaharragoak ziren haurdun geratzen zirenak eta orain gu baino gazteagoak ere hasi dira. Nire ustez horrek beldurtzen ditu. Egia da haurdun dagoen gertukoren bat ikusten dudanean inbidia sentitzen dudala. Nire burua imajinatzen dut sabelaldea borobil-borobil eginda, baina bost minuturen buruan desagertzen zait inbidia. Ume jaio berri bat besoetan hartzen dudan bakoitzean ama izateko gogoa izaten dut. Beldurrez hartzen ditut, oso hauskorrak iruditzen zaizkidalako. Nire burua irudikatzen dut nire umearekin, bularra emanez, paseatuz, kontutxoak esanez... Bai, momentu horietan segituan bihurtuko nintzateke ama. Baina bost minuturen buruan gogo hori ere joan egiten zait. Ez zait, ordea, amatasunarekin bakarrik pasatzen irrika hori. Behobia-Donostia lasterketaren bukaera ikusten dudan aldiro inbidia sentitzen dut. Entrenatuz eta ongi prestatuta egingo nukeela esaten diot neure buruari. Bost minututan pasatzen zait hori egiteko txirrinta ere. Eta ez dakit zutabe hau bukatuta, ama izan ala Behobia-Donostia prestatzen hasi. Seguruenik parrandarako planak egingo ditut. Gaur Oiartzunen Sagardo Eguna da. •