GAUR8 - mila leiho zabalik

Zer erabaki?


Duela bi urte, Gure Esku Dago mugimenduak hauspotuta giza kate erraldoian parte hartu genuenean, abagune berri baten aurrean geunden itxaropena piztu zen gure barnean. Pentsamendu arrazionala baino gehiago emozio indartsua zen baieztapen horretara bultzatzen gintuena. Bi urte geroago, emozio haiek erabakitzen hasteko aro berri batera sartu garela frogatzen duen ekimena gauzatuko dute, igandean, Gipuzkoako milaka herritarrek.

Joan zen igandean, Zubietan eraiki nahi duten erraustegiaren aurkako beste giza katean parte hartu genuenean Donostian, antzeko emozioak piztu ziren geure baitan. Milaka batzuk izan ginen Onkologikoa eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza eskuz esku lotuta, erraustegia ekiditeko arrazoiz jantzi eta olatu erraldoi baten lehen urratsa eman genuen uste sendoa izan genuenok.

Ondo dakigu bi auziak ez direla alderagarriak. Estatu independentearen alde jartzeak badu asko emoziotik, baina, pentsamenduak, herri libre eta justuagoaren alde jarduteak, eraikitzean parte izatearen ideologiak herritarrak mugiaraziko ditu beren botoa ematera.

Erraustegiarenak asko du ideologiatik, garbi dago eredu sozialen arteko talka erakusten duela, ingurumena eta ekonomia arrazoi indartsuak direla, baina Gipuzkoa plazan, erraustegiaren eraginez minbiziak erasandakoen testigantzak jasotzean edo gure haur eta gazteengan ondorengo urteetan izan dezakeen eragina aditzera ematen digutenean, emozioek borbor egiten dute eta harrapatzen gaituzte, auzia geure eginez.

Eta Laboaren kanta datorkigu: «Maite ditut maite gure bazterrak lanbroak izkutatzen dizkidanean, zer izkutatzen duen ez didanean ikusten uzten, orduan hasten bainaiz ikusitakoa... nere barnean bizten diren bazter miresgarriak ikusten».

Orduan jabetzen edo amesten hasten gara erraustegia ez dela egingo. •