11 JUN. 2016 Etxekoak. Etxekoak? Iratxe Urizar Maiatza bukatzear zela, Estrasburgotik epai gogor bat heldu zen Espainiako Erresumaren kontra: zortzigarrena. Torturak. Torturak ez ikertzeagatik, zantzuak egonda, espazio ilunak egonda. Behin eta berriro artxibatua izan zen salaketa judizialaren forma zuen torturatuaren laguntza eskaerak; eta torturatzaileen inpunitateari berriro ateak zabal-zabalik uzten zitzaizkion. Berriro. Euskal herritar batek, beste batek, inkomunikazio izeneko edozer gerta zitekeen infernuan sartu, egin ziotena salatu eta ez zen inongo ikerketarik egon. Ez diot diligentziak egin ez zirenik (badakigu egiten diren plantak modu askotan antzez daitezkeela, baina horrek ez du esan nahi ezer argitzera zuzenduta daudenik), egia jakitera zuzendutako benetako lanaz baizik. Berriro Espainia kondenatua. Giza eskubideen urratzailea, bai, hainbat nazioarteko erakundek behin eta berriro aipatu dute hori. Eta Espainiako Auzitegi Nazionalaz, zer esan? Epaitegi politikoa izateaz harago, han egiten dena zuzenbide fakultateetan irakasten dutenetik nahiko urruti dagoela baieztatu dute begiraleek batak bestearen atzetik, baita bertako epaile batek baino gehiagok ere (horien kasuan, ez dute inoiz ondo bukatu euren karrera judiziala). Baina tortura salaketak ez dira Auzitegi Nazionalean epaitzen, epaitegi arruntetan baizik –askotan hurbil ditugun epaitegi horietan–. Ahotsa.info agerkari digitalak ondo azpimarratu zuen: Xabier Beortegi eta Patxi Arratibelen tortura salaketak (Estrasburgotik etorritako azken bi kondenak) Iruñeko epaitegi batean jazo ziren, eta bertako epaile dekanoak ez zuen behar bezalako ikerketarik egin. Hurbileko beste epaitegiez, zer esan? Zein izan zen torturari buruzko azken epaiketa? (Kontutan izan Beortegi eta Arratibel ez zituztela 80ko hamarkadan atxilotu, egungo garaiaz ari gara). Bilboko epaitegian torturak hizpide izan zituen azken epaiketa 2009an eman zen (beste hamabost urte egin beharko genuke atzera aurrekoa topatzeko): Aiert Larrarte eta Julen Larrinagaren aurkakoa, hain zuzen, inkomunikaturik zen atxilotu bat torturatua izateko arriskuan zela salatu izanagatik. Hau da: ez zen torturatzaileen kontrako epaiketa bat izan gure esparru hurbileko azkena, tortura salatu zutenen aurkakoa baizik. Egunotan, Bilboko Auzitegiak Iñigo Cabacasen kasua ikertzeko beste sei hilabete eman ditu. Cabacas Ertzaintzak botatako gomazko pilota batekin hil zutela lau urte bete direnean, ikerketarako sei hilabete ematea, artxiboa ematearen antzekoa da denbora judizialak kontuan hartzen baditugu. Memoria selektiboa? Prentsan atera berri da Cabacas auzian ikertutako ertzainek esan dutela tiroa bota zuena ez dagoela auziperatuen artean. Badakite, beraz, nor den? Zer egin dute epaitegitik? Berriro diot, ez gara Auzitegi Nazionalaz ari. “El Correo”-k inpunitatearen adierazgarri latza izan zen titularra (“Cabacas tirokatu zuena ez dago inputatuta”) atera zuen aste berean, beste titular hau atera zen “Deia”-n (hurbileko prentsa. Etxekoa?): “Ertzaintzak ez du ahazten”, ETA erakundearen aldetik pairatutako jazarpen eta erasoengatik ertzainek babes instituzional guztia jasotzen zuten irudiz lagunduta. Berri hori atera zen aurreko egunean hemezortzi urte bete ziren Ina Zeberioren gorpua 24 balaz zulatuta eta eskuak atzean eskuburdinez lotuta agertu zela, Ertzaintzarekin izandako tiroketa baten ondoren. Kasu horretan ere, ikerketa ez zen harago joan, izan ere, ez da bere kasua inongo paper ofizialetan edo txosten instituzionaletan jasotzen. Ahaztuta, omen. Memoria selektiboa? Estrasburgok, Nazio Batuek edo nazioarteko goi mailako auzitegi edo instituzioek kritika zorrotzak egiten dizkiotenean Espainiako Erresumari, burura etortzen zaizkigu zuzenean Madril edota Guardia Zibila. Baina inpunitate hori gure inguruan hasten da, eta oker gabiltza horrekin konturatzen ez bagara. Kartzelekin esan genuen bezala –Angela Davis gure artera etorri zenean–, kartzelak beharrezkoak izan edo ez, ados gaude orain dagoen sistemak ez digula balio. Epaitegi eta poliziarekin irakurketa bera aplikatzen dut: urraketen aurrean beste alde batera begiratzen duten epaitegiek eta inpunitatearen jabe diren poliziek ez digute balio. Ezta hori bultzatuko duten komunikabideek ere. Hurbilekoez ari naiz. Hurbilekoak bai, baina etxekoak? • Urraketen aurrean beste alde batera begiratzen duten epaitegiek eta inpunitatearen jabe diren poliziek ez digute balio. Ezta hori bultzatuko duten komunikabideek ere