11 JUN. 2016 Orekak ez du balio Gorka Zozaia - @zotz_ Kimikaria Beti izan naiz prekauzio printzipioaren aldekoa mugikorren erradiazioei dagokienez. Gero sakelakoak beti sakelan daramanetakoa ere bai, baita telefonia antenadun eraikin batean etxebizitza hartzen dutenetakoa ere! Baina bai, arreta jartzen diot gaiari, karreran bi urte uhin elektromagnetikoak-materia harreman ezkutua ikasten eman ostean, ez baitiot tankera onik hartzen honi guztiari. Arreta deitu dit, adibidez, duela aste pare bat AEBetan argitara eman duten ikerketak. Heldu den urtean argitaratuko den lan baten zatia besterik ez da, eta emaitzak ere ez omen dira oso sendoak, baina bi urtez erradiazio dosi ezberdinen pean izan dituzten sagu eta arratoietan garuneko eta bihotzeko minbizi arraro bi antzeman dira. Erantzun gabeko galdera asko daude eta litekeena da halabeharrezko harreman hutsa izatea erradiazioaren eta minbiziaren artekoa, baina kezkagarria denik ezin uka. Ikertzen jarraituko dutela adierazi dute, eta ziur aski, gu guztiok ere ikergai izan gintezke, errauskailuarekin gipuzkoarrekin egin nahi duten bezalaxe... Baina tira, zer esango dut nik tabakoa kaltegarria dela nabarmena denean erretzen jarraitzen dudan horietakoa banaiz? Egiari zor, azkenaldian askoz gehiago kezkatzen nau mugikorren bidez sortzen ari garen kultura berriak nire osasun mentalean izan dezakeen eraginak, mugikorrak nire osasun fisikoan uztean duen orbanak baino! Are, sortzen ari den jendarte motak ernegatzen nau, elkar harremantzeko teknologiek nola –eta zein arin– aldatu dituzten –eta ari diren– elkar harremantzeko moduak. Hamaika adibide eman daitezke adin eta belaunaldi ezberdinetakoek hautematen ahal ditugun aldaketak deskribatzeko. Eztei bidaia Donostiara egiten zuten aitona-amonentzat zer ote da distantziako harreman bat? Zer telefono mugikorra etxetik etxera deitzen ohiturikoentzat? Zer guatxapa posta elektronikoko mezuak bidaltzen hasi ziren horientzat? Nik neuk, antolaketa eremuan nozitzen dut okerren kultura aldaketa hau: lehen markoak ziren tokian –askotan inora ez zihoazen bilerak, bai, baina gutxienez hainbat lagun une batez gauza bat lantzeko biltzen ziren lekuak– gaur guatxap taldeak daude. Ekimen bat egin nahi duzula? Sortu guatxap talde bat eta (gehienetan) utzi denboran usteltzen. Zenbat hilabete pasa daitezke lagun arteko bazkari bat antolatzeko guatxap taldea sortu eta azkenean egin arte? Zenbat aldiz atzeratzen da aurrera bilera bat guatxapez behin eta berriz –eta askotan egunean bertan!– bertan behera utzi ostean? Zenbat bileratan egon daiteke une berean? Eta guatxap esaten dut, egun nagusi delako, baina komunikazio asinkrono itzel horretaz ari naiz, lepoa makurtzera eramaten gaituen biziera horretaz. Zalantzarik ez tresna interesgarriak direla gauza askotarako, baina biziki kuriosoa eta ilustratiboa egiten zait “mobilek” finean eragiten duten “immobilismoa”. Eta bai, urrunegi noa, eta beste faktore asko alboratzen nabil, baina agerikoa dena da elkar harremantzeko moduak aldatzeak zuzenean eragiten diola denen artean sortzen dugun jendarteari. Adibidez, ez dugulako elkar ulertzen. Nork ez du gurasoekin (edo lagunekin) guatxapean gaizki-ulerturik izan? Kodigo diferentzia bortitza ari da ematen informazioaren eta komunikazioaren teknologien gainean eta horrek belaunaldien arteko komunikazioan murruak besterik ez ditu eraikitzen. Emozioen elkartrukea jasaten ari den aldaketa bereziki nabarmena eta kezkagarria da, enpatia arazo handiak identifikatzen ari direlarik. Batzuek «afektuaren kapitalismoaz» ere mintzo dira, sare sozialak afektuen banku gisa hartuz gero, bertan gure intimitate dosiak diru lez sartzen goazela ulertzen ahal baita, kontu ezberdinak izatea bezala, gure identitate anitzen erakusle. Anabasa horretan guztian, maiz pentsatu izan dut oreka bat “helduko dela” noizbait. Halako informazioaren eta komunikazioaren teknologia definitibo bat, edo behintzat kontsentsu handi bat... baina ez dakit oreka horrek balioko digun. Guk geuk baina hobeto ezagutzen dute gure burua ikusmira epe ertain eta luzean duten Google eta enparauek eta oreka ezartzekotan, eurena izango da; lurrean harrapatuko gaitu. Hitz egin dezagun gai hauez eta joan gaitezen komunikazio kontsentsu berriak eraikitzen, prekauzioz bada ere, makurtzera jo ez dezagun! •