GAUR8 - mila leiho zabalik

Parkour dialektika


Parkour-a, nerabez inguratuta ibiltzen ez zaretenontzat, hirian zehar korrika zoazela aurkitzen dituzun oztopo arkitektonikoak ezinezkoak diruditen saltoen bidez gainditzea helburu duen kirol urbanoa da. Mugimenduaren artea. Berez, David Bellek Frantzian militarrak entrenatzeko sortu zuen teknika hau, baina, azkenaldian, asko zabaldu da gurean ere, gaztetxoenen artean bereziki. Pentsa norainokoa den sukarra ze, ikasle batek aurreko astean kontatu zidanaren arabera, Gasteizen sinadura bilketa abiatu baitu gazte talde batek Udal Gobernuari parkourra praktikatu ahal izateko parke bat eskatzeko. Sinatu al zuen galdetu nionean, ikasleak ezetz erantzun zidan. Orain nonahi egin dezakeena, Udalak parkea egiteko proposamena onartuz gero, leku zehatz horretan bakarrik egin ahal izango duelako aurrerantzean. Eta hark, noski, aukeratzeko askatasuna nahiago aukeran. Ezin hormen gainetik hegan egitea amets duena kaiolan pipak jatera kondenatu.

Badu anekdotak azkenaldian espazio publikoaren inguruan sortu den eztabaidarekin zerikusirik. Espazio publikoa boterea gauzatzen den eremua izateaz gain, erresistentziarako eremu ere izan baita historikoki, eta hala izango da etorkizunean ere, ezinbestean. Grezia zaharreko agora, erromatarren foroa, Erdi Aroko plaza, Tenochtitlan gainean eraikitako zokaloa zein duela hamar urte gure hiri eta herrietan ugaritzen hasitako merkataritza gune erraldoiak boterean nor dagoen aditzera emateko eta botere hori gauzatzeko lekuak izan dira gaur arte. Boterea publiko egiten ez bada, herritarrek ezagutu eta onartzen ez duten bitartean, ez baita existitzen. Espazio publikoa, hortaz, boterearen eta haren aurreko erresistentziaren arteko dialektikaren lurraldea da. Benetako politikarako ringa.

Menperatuak aspalditik eztabaidatu izan ditu menperatzaileak espazio publikoaren erabilerari ezarritako baldintzak. Palazio eta elizak ziren garai batez agintzen zutenen zeinu eta ikur. Ospitale, eskola eta kartzelen sasoira pasatu ginen gero. Baina eztabaidak hor jarraitzen zuen. Espazio publikoa burgesiaren beharrizanak betetzeko eremu izatetik, halabeharrez, denek ere ezin baitzuten burges izan, elite horrek bultzatzen zuen eredu politiko-ekonomikoaren aurkako erresistentzia esparru izatera pasa zen. Eskaleak parkeez jabetu ziren, euskaldunak kobazulotik atera, beltzek kale istiluak sortzen zituzten ia egunero AEBetako hirietan, etorkinen seme-alabek autoak erretzen zituzten gauez Parisko periferian, langileak lantegiak okupatzera animatu ziren eta homosexualentzako tabernak ireki zituzten han-hemenka. Espazio publikoan eman den aldaketa bakoitza erresistentziak baimenik gabeko protestaren bidez botereari irabazitako lur eremua izan da. Arkitekturak, aldiz, gizabanakoak domestikatzea izan du helburu bien bitartean. Hasieran zigor eremu ziren plaza eta kaleak, zaindutako eremu bihurtu ziren gero. Hiritarren askatasuna bermatuko zuten kontrolatutako lekuak. Toki segurua, espontaneoa baina kontrolatua. Kartzela ireki panoptikoa. Erdi-erdian kokatutako bigilantzia-dorre batetik presoa –langilea, oinezkoa, gidaria...– gau eta egun zelatatu ahal izateko moduan diseinatutako hesidura, zaintzailerik behar ez duena finean, presoak ez duelako ikusten erdi-erdian kokatutako dorreko kristalaren bestaldean norbait badagoen edo ez, eta une oro norbait begira daukala uste du hala ere.

Ulertzekoa da Eneko Goiari Gipuzkoa Zutik-en kanpaldiak graziarik ez egitea. Edo Bilboko alkateari eta Gasteizkoari, hurrenez hurren, Kukutzaren eta Errekaleorren okupazioak onartezinak iruditzea. Boterearen interesen ordezkari direlako hirurak, azken batean. Eta boterean dagoenak ez du kontroletik at geratzen den angelu itsurik nahi. Hortik aurrera hasten da batzuen eta besteen arteko dialektika. Erresistentzian dagoenari dagokio goitik ezartzen zaizkion oztopoak gainditzeko nahikoa abilezia eta indar baduela erakustea. Pisuzko argudioak beharko ditu horretarako, baina arrazoia edukitzea, alde batean zein bestean egon, ez da nahikoa. Mugimenduaren artea, parkourra bezala, ezinezkoa posible egitean datza. Urteetako entrenamendua eskatzen du, eta batez ere, saltoa egitera zoazenean, saltoa egiteko gai zarela sinestea. •