GAUR8 - mila leiho zabalik

Giro aldaketa erlategitik harago iritsiko ote da?


Hemen da, iritsi da bozketa eguna. Espainiako hauteskunde orokorrak dira, eta Hego Euskal Herrian ere herritarrak bozkatzera gaude deituta. Joan den abenduan bezalaxe. Edo ez. Ez du, baitezpada, dájà vu berri bat izan beharrik. Edo bai. Nolanahi ere, gauza batzuk aldatuko dira, joera batzuk indartu eta beste batzuk lausotuko direlako. Eta gainera, hurbilera ekarrita, udaren bueltan izango diren EAEko hauteskundeetan eragin nabarmenagoa izan dezakete honako hauek abendukoek baino. Batzuk besteen segidan datoz, eta hauteskunde orokorrak autonomikoen lehen itzulia direla esatea gehiegitxo izan badaiteke ere, igande honetako emaitzak –eta batez ere joerak– oso kontuan hartu beharko dituzte indar politikoek.

Podemosek IUrekin batu ditu indarrak, eta oraingo honetan badirudi “bat gehi bat” bi izango direla. Gogoratu behar da, gainera, Podemosen formulak nonbait arrakasta lortu badu, Estatuan baino gehiago, hemen izan dela, hemen eta Katalunian.

Oraingo koalizioak Podemosek Euskal Herrian abenduan lortu zituen emaitza apartak indartuko ditu. Datu bat: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lehen indarra izango dela segurutzat jo daiteke. Bai, Bizkaian ere bai, EAJri aurre hartuta. Horrek eserleku bat gehiago emango dio herrialde horretan, eta jelkideei kendu, nahiz eta inkesta batzuek EAJk galera hori konpentsatuko duela aurreratu duten, PPk galduko bailuke berea barruti horretan. Izan ere, bere-bereak dituzten hauteskundeotan historikoki emaitza onak lortu dituzten alderdi konstituzionalista espainolek (PPk eta PSOEk) Euskal Herrian galdu duten pisua agerikoa izango da berriro. Burua ezin altxatu segitzen dute.

EAJk oso emaitza onak lortu zituen orain dela sei hilabete, Podemos barru-barruraino sartuta ere sei eserleku lortu baitzituen. EH Bilduk, aldiz, kontrako bidea egin zuen, eta bi diputatu baizik ez zituen lortu. Gipuzkoako herrialdean berezitasuna izan zen, gainera. Jelkideek Araban eta Bizkaian boz kopurua jaitsi egin zuten 2011ko hitzorduarekin alderatuta, baina Gipuzkoan ez. Hor gora egin zuten, dezente, askotxo, udal eta foru hauteskundeetan lortutako garaipenaren bultzadari esker.

Herrialde horretan dago, izatekotan, hautetsi dantzarako aukeretako bat. Inkestak diote Gipuzkoan boza bati edo besteari nori eman duda-mudatan den hautesle kopuru handi batek Podemosen eta EH Bilduren artean duela zalantza. Eserlekuei dagokionez, ordea, lehia ez dago hor. Podemosek bere biak eta lehen indarraren postua seguru baino seguruago ditu. Aldaketa EH Bilduk EAJren bigarrena berea egingo balu gertatuko litzateke. Ez da erronka erraza. Abenduko zitan jelkideek 7.000 bozeko aldea atera baitzuten. Beraz, batzuek behera (iazko hauspoa galtzen hasiak ote dira?) eta besteek gora egin beharko lukete modu oso esanguratsuan.

Egon daitekeen eserleku dantzan ikusmina sortu du Nafarroak. Bakartxo Ruizen hautagaitzak giroa berotu omen du, eta PSNri aurrekoan eskuratu zuen diputatua kentzea lor dezaketela esan dute. Ez da boto mugimendu txikia hori ere. Ez da helburu erraza.

Halere, egia da zenbait faktore tarteko (Arnaldo Otegiren kaleratzea, Abian prozesuak ondorio zehatzak izango dituela ikustea...) antzeman daitekeela ezker abertzalea eta harekin EH Bildun diren aliatuak pultsu politikoa berreskuratzen ari direla. Ikusteko dago hori dena hautetsontzietan baieztatuko duten, edo giro aldaketak oraindik etxe barrua eta ingurua astintzeko baino balio ez ote duen. Erlategietan sortzen den efektua ez ote den oraindik. Hau da, zurrunbiloa bai, baina akaso erlategitik bi pauso emanda ez da hori hainbeste nabaritzen.

Estrategia aldaketak ekarritako arrakastaren ondotik krisi sakonean erori zen ezker abertzalea, aurrera egin ezinean. Oraingo giro aldaketa horrek, are gehiago bozketetan ondoriorik badu, prozesu politikoari berriro ekiteko aukera eskain diezaioke ezkerreko abertzaletasunari, ezkerreko independentismoari. •