25 JUN. 2016 Kultura lorategiak Maider Uriarte Idiazabal Arkitektoa eta irakaslea Augustine Berque geografoaren arabera herri batek duen kultura paisajistikoa neurtzeko lau printzipio existitzen dira: paisaiari esateko adiera bat edo gehiago erabiltzea, paisaiaren ederra edo hura deskribatzen duen ahozko edo idatzizko literatura garatu izana, paisaiaren irudikapen piktorikoak izatea eta, azkenik, plazererako landatu diren lorategien existentzia. Baldintza sorta hori betetzeak dakarren klasifikazioaren kutsu kategorizatzailea –zenbait herri/jendartek kultura paisajistiko gehiago ala gutxiago duten uste faltsurantz bidera dezakeelako– albo batera uzten baldin badugu, bertan aipatzen diren adierazleak baliatuz euskal kultura paisajistikoaz pentsatzeko bidea badago. Hain zuzen ere, laugarrenaren haritik heldu nahi diogu gaiari gaurkoan: gozamenerako diseinatzen diren lorategiak. Zehazki, Donostian dauden lorategi ugariez oroitu naiz. Zeinen gustura paseatzen garen bertakoak ez garenok eta zeinen hiri-eredu ederra transmititzen duten: Alderdi Eder, Ondarretako lorategiak, Urgull mendia, Cristina Enea eta beste. Berqueren adierazleei kasu eginez gero, donostiarrek paisajistikoki oso kultuak izaten laguntzen dieten elementu ugari dituzte, «marco incomparable»-aren laguntzaz. Alta, Augustine Berqueren argumentu sintetiko horrek bere ertzak baditu, eta, hiriaren ertzetik begiratzen baldin badiogu, paisajistikoki ikasia izate horrek beste dimentsio bat har dezake. Izan ere, Uliako mintegiak, oker ez banago, ez ziren jatorrian gozamenerako pentsatuak izan. Ordea, hirigunea hain ongi janzten duten lorategien hornikuntza-gune izateko bai, orain urte batzuk mintegia lekualdatu zuten arte. “Hornikuntza” uste dut dela hemen hitz-gakoa. Hain zuzen ere, hiri ertzetan kokatzen ohi dira hirigunea zerbitzatzen dituzten eremuak eta elementuak, azpiegiturak: paisaia funtzional gisa uler daitezkeenak. Funtzional izateagatik ez dute balio gutxiago: paisaia kulturalak horixe izan dira hiriko biztanleek eder zirela erabaki zuten arte, hiria baliabidez eta eskulanez hornitzen zuten paraje funtzionalak, alegia. Uliako mintegiek hirigunea lorez eta landarez hornitzen zuten, hainbat landare espezie bertan zaintzen baitziren lorategietan kokatzeko prest egoten ziren arte. Horregatik, bertan askotariko landare espezieak topatu daitezke gaur egun; nolabait Donostian landatu diren lore, zuhaixka eta zuhaitzen katalogoa edo erakustokia da. Are gehiago, Donostiako landarediaren historiografia bat egiteko eman dezake. Baina lorez bakarrik ez, hirira bidaltzen zen uraren biltegia ere bertan kokatzen baita. Hau ere arkitektura pieza funtzionala. Ez dut esango Istanbuleko Yerebatan Sarnıcı edo Basilika Uraska lurpeko uraska erraldoiaren edo Parisko saneamendu sistema bisitagarrien parekoa denik, baina beste horiek bezalako funtzio eta rola bete izandakoa dela bai; Parisekoak bezala hiria hiritartzea ahalbidetu baitzuten halako ur biltegiek. Hiriguneko beharrek betiere sortzen dute eskaera bat hirigunetik at, periferietan, ertzetan: hots, etxeko kanila edota zentroko parterreak ez dira pieza soilak, sare batean kokatuta ulertu behar dira. Horregatik, Uliako Lore-Baratzak parkea gozamenerako berdegune bat baino askoz gehiago da: hiria hiri egin duen ondarea da, eta hiri-funtzionamendua ulertzeko eta horren inguruan pedagogia egiteko elementu oso baliotsua dela deritzot. Duen izaera eta erabilera indartzea eta babestea ere kultura paisajistikoaren adierazle bat da. Paisaia kulturala, ondarezkoa, funtzionala, energiazko eta hornikuntzazkoa izandakoa, benetan hiri baten kultura maila (ez soilik paisajistikoa) goratzeko potentziala duena, eta, gainera, komunitatea sortzeko ahalmena daukala erakutsi duena. •