09 JUL. 2016 Lurrin lagin bat Gorka Zozaia - @zotz_ Kimikaria Uda parteko marranta hauetako batek bete-betean harrapatu nauenean otu zait usaimenaren gaia lerrootara ekartzea. Duela aste pare bat –arnas betearen jabe nintzela oraindik ere–, Smell Dating zerbitzua zuten hizpide irratiko tertulia batean; bikoteak osatzeko partaideen usaia elkartrukatzen duen ligatzeko zerbitzu bat, alegia. New Yorken berriki egin den esperientzia bat da, ehun bat kideri kamiseta bat ematen zitzaien bizpahiru egunez jantzita eraman zezaten eta gero denak bildu, zatitxotan egin eta kideen artean partekatzeko. Emaitza onik eman duenik ez da oraindik argitara eman, baina tira, gaiak bere horretan eman zuen tertulia anekdotaz bizi-bizi jartzeko. Niri ere otu zitzaidan anekdotarik lehenengo pertsonan, eta beharbada horregatik konturatu nintzen maiz izan dudala usaimena eta ligatzea hizpide baina sekula ez dudala irakurri zientziak horretaz guztiaz zer dioen. Nonbaitetik hastearren, “feromona” deitzen zaie izaki bizidun hainbatek espezie berdineko kideekin komunikatzeko (horietan aldaketak eragiteko) partekatzen dituzten substantzia kimikoei. Espezie askok erabiltzen dituzte lurrin edo mezu anitzok, erakarpen sexualerako edota bestelako askotariko helburuekin: alarma hedatzeko, lurraldea markatzeko… Inurriek, adibidez, ibilbide zehatzak horri esker jarraitzen dituzte. Gizakien artean, baina, ez dago nahikoa frogatuta mota honetako komunikaziorik ote dugun. Ikerketa batzuk egin izan dira, baina emaitzak eta metodoak ez dira antza nahikoa sendoak. Deigarria da, dena den, feromonak detektatzen dituen organo “bomeronasala” gizakiok izan badugula eta bizitza osoan zehar mantentzen dela funtzional atrofiatu gabe. Kontua, noski, funtzionaltasunik betetzen ote duen argitzea da. Argitzeko bide bat, Teoria Ebolutibora joatea da, hobekuntza ebolutiborako sexuaren mekanismo izaerara. Ingurunera prestatuago egongo diren kideak sortzearren, ezaugarri ezberdinetako kideak parekatzea litzateke sexuaren estrategia, arin eta txarto esanda. Zientzialariek sistema immunologikoan jartzen dute arreta hori behatzeko, eta, zehazki, bere inpronta genetikoan; HLA (Gizakien Antigeno Leukozitarioen ingelesezko siglak) markatzaile sistema aztertu izan da, baina emaitzak esan bezala ez dira esanguratsuak. Are, duela urte pare bat egindako ikerketan bikoteek HLA antzekoak zituztela frogatu zen, presio ebolutiboak agindu beharko lukeen kontrara. Beste ikerketa batzuetan jakin izan da emakumeek hilerokoa sinkronizatzeko joera dutela batera bizi direnean, eta feromonak jotzen dituzte komunikazio “ezkutu” horren eragile. Bestelako ugaztun batzuetan ere behatu izan da feromonekin loturiko esperientziarik, baina, dena dela, argi gutxi topatu ahal izan dut bikoteak elkartzeko mezu propagandistikoz jositako sareen sarean. Usainik ezin hartu ba gizakion feromonei! Niri dagokidanez, beti izan naiz zeozer ahoratu aurretik lehenik usaintzekoa. Usaimenaren bidez ingurunea aztertu eta ulertzeko joera izan dut, eta ez dakit zer puntura arte konpartitua ote den joera hori. Maiz ingurukoekin hitz egiten pentsatzen dut garrantzi larregi ematen diodala usaimenari. Aho bete hortz gelditu nintzen behin anosmia edo usaimenik eza pairatzen zuen lagun bat ezagututa… Ulergaitza zitzaidan mundua usainik gabe. Are, oroitzapen sakon asko usaiekin erabat lotuta ditut, eta beti kontatzen dut txikitan jaten nuen izozkia ahoratzen dudan bakoitzean begiak itxi eta zein modu indartsuan naraman garunak haurtzarora. Memoria kutxa itxiak zabaltzeko giltzak bailiran izan ditut lurrinak… Eta bai, harreman afektibo eta sexualetara etorrita ere bai, eragin ulergaitz eta sakona izan du beti niretzat pertsonen usaiak, txarrerako batzuetan, baina onerako batez ere. Ez dakit ba, marranta hau pasatzen bazait, New Yorketik kamiseta lagin bat eskatu beharko dut! •