06 AGO. 2016 Uda garaian atsedenik ez Iratxe Urizar Bada hilabete nahikoa harrigarriak izan ziren adierazpen publikoak entzun genituela, zentzuzkoak izanik ere. Gasteizko lehendakariak aditzera eman zuen bere alderdi politikoak Madrilgo gobernu zentraletik kartzela eskuduntzaren transferentzia nahi duela. Antzeman zitekeen, gainera, presoek pairatzen duten eskubide urraketarekin arduratuta zegoela. On line egunkari formadun espainiar mentideroetan, hala ere, laster publikatu zen ahalmen eskaintza hori aurreko legealdian jada jarri ziola Rajoyk Urkulluri mahai gainean. Baina, orduan, hartzeari uko egin zion, gobernu zentralean zein autonomikoan buru zein alderdi egongo zen jakin aurretik komeni ez zela argudiatuz. Ez dut Gasteizko lehendakaria horrelakoak baieztatzen ikusten, baina ez litzateke lehenengo aldia modu horretan jokatzen ikusten duguna: Publikoki jarrera bat; barne desioa, berriz, bestelakoa. Beste behin ere, eta askotan bezala, hitzak baino ez. Nahiz eta kartzela politika ankerrak bere herritarren parte handi bati asko sufriarazi dion. Eta sufritzen jarraitzen dute. Urkullu presoen eskubideen urraketei buruz ari denean ematen du urrutiko toki batetik inposatuta etorritako zerbait dela; intentzio osoarekin ezkutatzen du 1987an abiatutako estrategia anker horretan bere alderdiak oinarrizko papera izan zuela. Urte horretatik aurrera eta astero-astero, aldaketa politikoekin edo gabe, garai gogorretan edo lasaiagoetan, senideek bidaia berri batek suposatzen duen ziurgabetasunari aurre egin behar izan diote; arriskuak, triskantza ekonomikoa... Jada helduak diren dispertsioarekin hazitako haurrek milaka kilometro pilatu dituzte euren bizkar gainean, lagun, aitite, aita edo ama bisitatzen joateko. Uda sasoi honetan jada sei istripu larri izan dituzte bisitan zihoazen senideek. Errepidean gelditutakoak gogoan. Baina beste behin ere, hiru probintzien ordezkariak presoen gaia berarekin ez doala erakutsi du. Joan den uztailaren 31n Loiolako Santutegiko atean zeuden presoen senideak, urtero bezala lehendakariaren zain. Aurten “Dispertsioaren haurrak” txostena helarazi nahi zioten, salbuespen espetxe-politikak txikienengan zein ondorio dituen ikus zezan… Baina ez zen txostena jasotzera hurbildu ere egin. Ahaztu egin zuen, omen, berriro, bere alderdiak orain urte gehiegi adostu zuen akordio politiko anker horrek sortzen duen sufrimenduak ez duela atsedenik. Dirudienez, keinu horrek ez du tokirik hauteskundeetarako kalkuluetan. Milaka bizipen mingarri. Gaixotasun larriak dituzten presoak (maiz osasun laguntzarik ezaren ondorio direnak). Giza eskubide oinarrizkoak aldarrikatzeko senide presoek egindako gose greba mugagabeak. Arantza Zuluetarena bezalako bakartze kasu beldurgarriak. Kartzelan egon gabe ere etxera bueltatu ezin direnak. Euskal Herritik urrun bizi behar dutenak eta zahartutako beren senideak –askotan, aita eta ama– agurtu ezinik geratu direnak. Ez, opor garaian ere, atsedenik ez. Baina –guztiz onartezina edo itsusia irudituta ere– objektiboki berdin litzateke Urkulluk Etxeratek egindako urteko txostena hartzea ala ez hartzea, bertan jasotzen dena aldatzeko benetako prestasun eta konpromisoa existituko balitz. Tamalez, ez da kasua, eta horregatik Loiolakoa bezalako keinua bidegabeko iraina bihurtzen da. Une horretan bertan, Plentzian, presoekiko elkartasun festa eta senideentzako omenaldi xumea den aurtengo lehenengo hondartzetako ekimena abiatu zen. Oporrik ez dagoela gogoan izateko, Euskal Herriko hondartzak atsedenerako toki izateaz gain, aldarrikapenerako beste toki bat direla adieraziz. Erakundeak ordezkatzen dituzten herritarren mailan ez daudela demostratuz. Beste behin ere. • Objektiboki, berdin litzateke Urkulluk Etxeratek egindako urteko txostena hartzea ala ez, bertan jasotzen dena aldatzeko benetako prestasun eta konpromisoa existituko balitz