13 AGO. 2016 Lau urteren ostean... Garazi Goia Duela lau urte Pele futbol jokalari ohiak agerraldi motz bat egin zuen Londresko Olinpiar Jokoetako itxiera zeremonian eta Riori pasatu zioten ofizialki erreleboa. Aurreko ostiralean, Rioko inaugurazio ekitaldian ikustea espero genuen, baina osasun arazoek egotea oztopatu zioten, antza. Londresen Boyle zinemagileak antolatu zuen ekitaldiaren ostean espektatiba handiak zeuden, baina Riok ez zuen defraudatu. Peleren falta ez zen nabaritu. Duela lau urte, Londresko Olinpiar Jokoek iraun zuten hamabost egunetan, egunero zutabe bat idatzi nuen. Orain, atzera begiratuz, orduan esandakoak gogoratuz eta Rioko perspektibatik begiratuz, gauzak nola aldatu diren errepaso azkar bat egin dut. Duela lau urte, Jokoen amaieran nire podium partikularra definitu nuen; brontzezko domina Oscar Pistoriousi eman nion, gogor lan eginez gero nahi duzun hori lortu daitekeela frogatu zigulako. Sarah Attar atletak zilarrezko domina merezi zuela pentsatu nuen, Olinpiar Jokoen historian lehenengo aldiz Saudi Arabia ordezkatu zuen emakumezkoa izateagatik. Eta, azkenik, podiumaren gorenean, Usain Bolt jarri nuen. Elkarren segidako bi Olinpiar Jokotan urrea irabazteagatik, Jokoetako atleta famatuena izategatik, une hartan menderaezina izateagatik. Irudikatu, Pistorious, Attar eta Bolt zutik alegiazkoa podium horretan, Rion gauza bera egingo zutela amestuz. Duela lau urte, Londresen, Ingalaterrako taldeak domina gehien irabazi zituen egunari “Super Saturday” deitu zioten. Siria, krisi ekonomikoa eta orduan denen ahotan zebiltzan beste arazo batzuk estaltzeko balio izan zuen, eta azaleko euforia bat baliatuta egun batzuetan zehar gezurrezko fikzio bat sortu zuten. Azken unera arte ez genekien Rio prest egongo ote zen. 2009. urtean aukeratua izan zenean, boom ekonomiko baten erdian zegoen Brasil. Ziurrenik inork gutxik aurreikusi ahalko zuen Olinpiar Jokoen atarian atzeraldi sakon batetik ezin aterata egongo zela herrialdea, ezegonkortasun ekonomiko eta krisi politiko bete-betean; eta horrez gain, nork pentsatuko zuen Zika birusak oraindik gehiago areagotuko zuela krisi hori. Baina, parentesi bat ireki zen aurreko ostiralean. Olinpiar Jokoek irauten duten egunetan zehar beste errealitate bat sortzen dela dirudi. Hiria eraldatu egin da. Auzo politenak erakusten dizkigute telebistan, jendea irribarretsu dabil, harmonia dago leku guztietan. Auzo berriak sortu dituzte hutsetik hasita, parke handiak. Mundu guztiko albistegiak eguneko domina kontaketarekin hasten dira. Beste arazo guztiak bigarren maila batera jaitsiz, garrantzia kenduz. Eta segundo batzuetan zehar, ahaztu egiten gara arazo guztiez. Baina, zer gertatu da Londresen utzitako herentziarekin? Instalazio eta etxebizitza berriak eraikitzeko egin zuten inbertsio hura guztia hiriaren ekialdea berpizteko proiektua zela esan zuten orduan. Hiriari beste dimentsio bat emango ziola, denentzat eskuragarri egongo zirela etxebizitzak. Aldiz, atzerriko aberatsen dirua sartu zen eta prezioak igo ziren, eta gehiengo bati ateak itxi zitzaizkion. Atletentzat eraiki zituzten etxe asko arabiar estatu burujabeetako eraikuntza-enpresa batek kudeatu zituen-eta. Eta noski, erosle gehienak ez dira bertan bizi eta oraindik ere hutsunea nabari da auzo horietan. Betetzea kosta egiten den kirol-instalazio berrien handitasunaren itzalean. “Super Saturday” hartan zeuden arazoekin gogoratuz, Siriako egoera oraindik ere gehiago okertu da eta Brexit-ak sortu duen ziurgabetasunak krisi berri baterako ateak ireki ditu. Egongo ote da “Super Sábado” bat aurten ere. Ez dakit, baina behar dugula iruditzen zait. Nire podium partikularrari dagokionez, inork ez zuen imajinatuko Pistoriousek aurtengo jokoak kartzelatik ikusi beharko zituenik. Tamalez, Saudi Arabian, emakumeei oinarrizko eskubideak ukatzen jarraitzen dute eta Attarrek egin zuena ahaztu zaigu; bitartean, Attar, Saudi Arabiatik urrun, Kalifornian dago, unibertsitatean, kirola alde batera utzita. Bolt da podiuma errepikatu dezakeen bakarra. Eta, oraindik ere, lau urteren ostean, menderaezina dela pentsatzen jarraitzen dut. • Olinpiar Jokoek irauten duten egunetan zehar beste errealitate bat sortzen dela dirudi. Hiria eraldatu egiten da. Auzo politenak erakusten dizkigute telebistan, jendea irribarretsu dabil