27 AGO. 2016 «Burkinia» Antton Izagirre Udako gaia izaten ari da, komunikabideetan hartu duen tokia eta zenbait lurraldetako erabaki administratiboak aintzat hartuz gero. Badirudi orain arte emakume musulman batzuen udako bainujantzia izan dena modan jarri dela, eta gero eta emakume gehiagok hondartzetan bainurako erabiltzen duten prenda hedatzen ari dela. Eztabaida ez du eragin jantziak berak, ez eta emakume horiek gorputza estaltzen dien bainujantzia erabiltzeko hartu duten erabakiak ere, zenbait gobernu eta agintarik hondartza eta bainu guneetan jantzi hori erabiltzeari jarritako debekuak baizik. Arrazoi gisa aipatu izan dituzte laizismoa, emakumeen aurka erlijioak eragiten duen errepresioa, garbitasuna eta higienea... baina benetan zer dago agindu eta debeku horien guztien atzean? Zer ezkutatzen du «burkiniak»? Edo hobeto esanda, zer jarri du agerian eztabaida honek? Ustezko arrazoi eta argudio horien guztien atzean badago funtsezkoa den bat, emakume batzuek bainurako erabiltzea erabaki duten jantziak politikari, agintari eta administrariek ezarria zuten ordena zalantzan eta hankaz gora jarri duela, garaiko ordena eta moralaren zentsoreak diren horien baimenik gabe, eta hori jantzi sinple baten bidez egiteak beldurra sortu die. Gizartean musulman eta arabiar gaiekiko dagoen sentiberatasuna, beldurra eta gorrotoa hedatzeko erabiltzea nahiago izan dute, eta erantzunak agintekeria, matxismoa, arrazakeria, xenofobia itxura hartu du. Bitartean, gorputza erabat estalita zuten surflariak eta «burkiniaz» estalita duten emakumeak, normaltasun osoz, hondartza berean, inongo arazorik gabe, bainua hartzen ikusi ditugu. Ohiko bainujantzi eta bikinien artean kontrastea eta harridura eragin dezake burkiniak hasiera batean, baina normaltasunez hartuz gero ez ginateke harritu beharko, mundu globalizatu honetan, zenbait arropa multinazionalen interes ekonomiko eta komertzialek «burkinia» modako jantzi bihurtzea Mendebaldean ere. Denbora kontua izan liteke. •