GAUR8 - mila leiho zabalik

Itzalen artetik


Bi aste eskas igaro dira Gaizka Sopelana iheslari politikoa Euskal Herrira itzuli denetik 35 urte Mexikon igaro ondoren. Ez da, ordea, zigorra bete duelako itzuli etxera, jakin badakigulako iheslariek ez dutela beraien exilioan egunik erredimitzen. Gaixotasun larri bat izaki gaitz hau sendatzeko erabaki du urrezko kartzela atzean uztea. Oraindik ileak puntan jartzen zaizkit irudiak ikusten ditudanean. Ospitale kanpoan jendearen harrera eta batez ere bere jarrera ikusita. Hainbeste urteren ondoren eta ukabila gora. Izugarri hunkitu nauten irudiak eta momentuak dira.

Ia bost hilabete pasatu dira Angel Aldana iheslari politikoa Venezuelan zendu zenetik. Honek ere gaixotasun larri bat pairatu zuen eta honen ondorioz hil zen bere etxetik milaka kilometrora. Ez zuen Euskal Herria zapaltzeko aukerarik izan, soilik bere errautsak geratu dira bere jaioterrian.

Malkoak isurtzen zaizkit Ziburun egin zitzaion azken agurra oroitzen dudan bakoitzeko.

Iheslarien kolektiboan ere badira gaixotasun larriak dituzten kideak eta orain aipatu ditudan bi kasuok horixe, bi besterik ez dira. Baina kolektibo honekin askotan gertatzen den moduan zailagoa da gizarteratzen, ikusarazten eta ondorioz hitz egiten. Itzal beltzak dira, aurpegirik ez dutenak. Baina jakin badakigu siluetaren atzean pertsonak daudela, izen-abizenekin, gaixotasunekin, eskubideekin.

Agian lerro hauek minetik idazten ditut. Agian lerro hauek idatzi bitartean eztarrian korapilo bat dut eta malkoak ate joka, borborka atera nahian. Baina jaio nintzenetik dut aita erbestean eta noizbait etxean ikusiko dudan galdera, edo gaixotuko ote den, edo bizirik itzuliko den beldurra handituz doa urtetik urtera.

Gogorra da haientzat eta guretzat, senideontzat, hainbeste urteren ondoren eta egungo egoera zein den ikusita, oraindik ere itzalak izaten jarraitzea. Oraindik ere eremu eta testuinguru askotan ikusezinak izatea. Euren eskubide guztien jabe, aske eta beraien herrian ezin izatea bizi.

Aita eta munduan zehar barreiatuta ditugun euskal iheslari politiko guztiak etxean nahi eta behar ditugu. Bizirik! •