03 SET. 2016 «Home sweet home» Maider Iantzi Hegazkinetik jaitsi, eta begiekin jan ditugu txoko berri guztiak. Autoak gidaririk gabe doazela iruditu zaigu, bolantea bertze aldean. Erreiak ere aldrebes. Telefono kabina gorriak, garai baten ondare. Taxi beltz borobilak eta bi pisuko autobusak etengabeko joan-etorrian, etxe orratzen argitan. Eta jende aniztasuna, batez ere hori. Zerbeza bat hartuz mundua pasatzen ikusi dugu: gotikoak, punkak, trajedunak, sailkaezinak. Eta eskaleak, beren ondasun guztia aldean hartuta (kartoi kaxa batetik hainbat objektuz osatutako pila handira). Arraza, hizkuntza eta adin guztiak nahasian lorategietan. Baita pub kanpoaldeetan ere, edalontziak eskuetan, orduetan eta orduetan han segitzen duten eta gero eta ozenago eta gusturago kantatzen duten futbolzaleekin batera. Hala, irudiz irudi, pausoz pauso deskubritu dugu hiri bizi bat. Eta ohartu gara kultur aberastasunaz, partekatzen ditugun ohiturez eta ezberdintzen gaituztenez, eta gure herriaz eta kulturaz birpentsatu dugu. Ikuspegia zabaldu, eta hegazkinetik jaistean begi berriekin jan ditugu txoko zahar guztiak. Ikasteko gogoa sentitzen dugu, hobetzekoa eta gauza desberdinak egitekoa. Aldi berean, etxera itzuli eta denak berdin segitzen duela jakiteak irribarrea piztu digu. Home sweet home... ...telebistak Madrilgo zahar-berriak ekarri dizkigun arte. Pailazo paper itzela egiten duten baina ofizioz politikariak diren pertsonaiek ika-mikan segitzen dute. Hauek ere aski ezagunak zaizkigu, baina horrek ez gaitu inondik ere pozten. Egunero sartzen zaizkigu etxean eta badirudi hirugarrenez deituko gaituztela bozkatzera... noiz eta abenduaren 25ean! Irudika dezakegu egoera: jende pila bat, erabat nazkatuta eta haserre, botoa eman gabe, eta mahaian egotea tokatzen zaienak, agian urte osoan familiarekin Eguberrietan soilik elkartzeko aukera dutenak, hautetsontziak zaintzen? Mundu arrotz honetatik jaitsi eta orduan bai... home sweet home! •