03 SET. 2016 Kanibala banintz Gorka Zozaia - @zotz_ Kimikaria Oporraldia amaitzen denean azkazalak luze-luze ditudala ohartzen denetakoa naiz. Estresik gabe egun batzuk eman eta berehala erreparatzen diot neurriz kanpo luzaturiko azkazalaren zuriari. Halakoetan, egun pare batez atzamar puntei manikura egiten diet, gustu handiz, ahoarekin. Ikasturte hasierako ohitura bat balitz bezala, gaurko bileran zigarrorik ez dut bildu behar izan ia! Niretzat azkazalak eta inguruko azal zatiak dira perdizioa... baina gehiagorik ez dut jaten, eta niretik bakarrik, beraz, ez nau horrek kanibal egingo! Goseak bai egin dezake bat kanibal, Andeetako uruguaitar haiek bezala, baita esangura sinboliko batek, milurtekoetan zehar hamaika erritotan egin den bezala. Oraino ez nekiena, gastronomiak berak ere egin gaituela kanibal homo-aren ibilaldi luze honetan. Esan nahi baita, gosete edo erritualen inongo zantzurik gabe topatu direla gizakiak jandako giza hezurrak “arbasoen kanibalismo gastronomikoa” deritzon praktikan –bide batez, aipatu Europan kanibalismoaz den aztarnarik zaharrena dela eta duela 800.000 urteko homo antecessor bati dagokiola–. Eta zergatik dakidan hau? Ba deigarria suertatu zitzaidalako udan irakurri nuen artikulu bat eta Aste Nagusiko ohiko solasaldietan birproduzitu zaidalako neandertalek kanibalismoa praktikatzen zuteneko berria. Berri-berria ere ez da neandertalek halakorik egiten zutenik –Europa hegoaldeko aztarnategi ezberdinetan frogatuta zegoen–, baina orain jakin da Europa iparraldekoetan ere eman zela praktika hau (Belgikako Goyte herrian), hau da, indusketak askoz urriagoak diren Europako eremuan. Ez da frogatzerik izan kanibalismoa errituala edo gastronomikoa zen, baina agerian gelditu da giza hezurrak lan-tresna gisa erabili zituztela. Gainera, lau lekutan besterik ez dira topatu tankerako erremintak eta Goyeten bat baina gehiago aurkitu dituzte. Bertako ikerketan parte hartu duen Asier Gomez paleoantropologoak azpimarratzen duenez, neandertalek dibertsitate kultural handia zutela erakusten du azterketak, eta, bere hitzetan, «juxtu horregatik erraza egiten zait haiekin identifikatzea». Gu ere ibili ginen, Marijaiaren bueltan, neandertalekin eta oro har garai horrekin identifikatu nahian, kanibalismoa nola interpretatu ezbaian. Esan beharrik ez dago karga moral astuneko tabua dela kanibalismoarena. Noski garai eta leku anitzetan praktikatu izan dugula eta gizakietan bezala krokodilo, armiarma, zakur, foka eta beste hainbat animaliatan ematen dela (noizbait hamster batzuekin konprobatu nuen bezala...), baina inori kanibal izatea leporatzea beti izan da gutxiesteko modu bat –herri etsaien aurkako propaganda gisa, adibidez–. Neandertalei dagokienez, gainera, kuriosoa da zientziak eman dien trataera, hasieratik gu (sapiens-ak) haiengandik ezberdindu eta urrundu nahian bezala aritu baikara –bide batez, beltzekin, emakumeekin, homosexualekin... egi(te)n dugun bezala–; pixkanaka frogatutzat emateko antzekoak ginela, tratua izan genuela eta baita ondorengoak ere. Ezberdinarekiko gorroto humano (homo) horrek eramanda “zientzia” asko egin da, eta, neandertalen kasuan, gaur-gaurkoz zabalik den eztabaida handia da ea euren kabuz desagertu arte hiltzen joan ziren, edota sapiens-ek akabatu genituen, hain zuzen ere, ezberdinarekiko gorroto horrexek eramanda. Noski, bigarren tesia ez da oso erosoa eboluzioaren puntu gorena den homo sapiens libre, justu eta demokratiko honentzat, baina lasai, zientzia objektiboa denez, argituko da... Adarretatik (eta ironiatik) jaitsiz, banoa artikulua amaitzera, Aste Nagusia desmuntatzera. Kanibalismorik ez baita eman jaiotan, baina bai horrenbesteko karga moral ezkorrik ez duten gertaera larriak, sapiens arrek sapiens emeen gainean eragindakoak kasu. Homo honek ez baitu kanibalismoa praktikatuko, baina bai kapitalismoa eta ezberdinarekiko bortxa, biolentzia egituratu bat espeziearen baitan; kanibalismoa, baina bizien artean. Lastima kanibala ez naizela, mundu zoro honek eragindako estresa atzamarrak jaten baretu ordez, Armin Meiwisen zakilaren errezeta hobetzen asetzeko! •