GAUR8 - mila leiho zabalik

Kroketak


Gustuko dut sukaldean aritzea. Umetatik aritu izan naiz eltze artean saltsan. Amaren, bi amonen eta izebaren ondoan. Jolaserako eta eskulanetarako aitzakia izaten zen kroketak biltzea. Forma eman, ogi birrindutatik pasa, arrautzatan eta, ondoren, berriz ere ogitan. Neguko larunbat arratsalde euritsuetarako plan ezin hobea izaten zen askotan. Hiru ahizpok katean egiten genituen askotan.

Behin koxkortutakoan neroni hasi nintzen bexamela egiten. Ongi ikasita nituen pausu guztiak eta esperimentuak ere egiten nituen. Ez dut ezkutatuko erretako kazuelak ere izan zirela tartean, baina ordutik asko hobetu dut nire kroketak egiteko teknika. Ez dut esango munduko kroketarik onenak egiten ditudanik (beno, lagun artean egiten dut). Beraz, gaur ere harro idatziko dut nire uste apalean munduko kroketarik goxoenak egiten ditudala. Hurri, amak eurekin oporretara joango nintzela esan zionean, 5 urteko semeak ea kroketak eramango nituen galdetu zion. Nire alde zerbait esan nahiko du horrek ezta?

Aste honetan marrazki bat jaso dut eta honelaxe zioen: «Asko maite zaituenak, kroketak egingo dizkizu». Azken urtean egin ditudan oparien artean daude, irribarre egiteko ispilu bat, giltzatako bat, liatzeko tabako gordetzeko larruzko funda bat eta GAUR8ko zutabe bat. Bihotzez, ilusioz eta gustu handiz egindako opariak izan dira. Bakoitzari esanahi berezi batekin egindakoak. Kroketen esaldia, ordea, barruraino iritsi zitzaidan. Argazkia bidali zidanak kroketak eskatu zizkidan irudia bidali baino astebete lehenago eta izozkailuan nituen gutxi horiek eman nizkion nire maitasun osoz.

Etxera bazkaltzera edo afaltzera gonbidatzen ditudanei kroketak egin zalea naiz. Lana ematen dute, baina gero neronek ere gustura jaten ditut. Agian hemendik aurrera ez dut burua hautsiko hari zer oparitu eta honi zer egin. Porrotxek esaten duen bezala: sabela betetzeaz gain bihotza ere betetzen dutelako. Zuzenean kroketak egin eta kitto. Bereziki, tartak egiten abila ez naizelako. •