17 SET. 2016 Otso elebakarraren alegia Koldo Sagasti Bazen behin otso txiki on bat, arkume guztien jazarpena pairatzen zuena. Horrelaxe amesten zuen Jose Agustin Goytisolok aldrebeseko mundu bat, zeinean sorginak ederrak eta piratak zintzoak diren. Alderantzizko errealitate hori botereak eraikitzen dituen kontaketa ofizialen salaketa baino ez zen; zanpatzaileak, ardi larru jantzita, zanpatu moduan agertzen zaizkiguneko ifrentzuko errealitatea. Idazle katalanak irudikatutako buruz beherako mundua hauteskunde kanpainara eraman nahi izan dute Idoia Mendiaren publizitate taldekoek, baina aurrekoak ez bezala, aldrebeseko asmoek bultzatuta. Kalapitaren iturria izan den zorigaiztoko bideoan erdaldun elebakar gizajoa da bildots baskoi ankerren intolerantzia jasaten duena. Euskaraz ez jakiteagatik administrazio publikoaren ateak ixten dizkiote, film laburraren arabera, baztertutako hiritar errukarriari. Beste testuinguru batean iragarkia barregarria ere izan liteke (“Wazemank” telebista saiokoek ere egin dituzte lehenago horrelako parodiak, pertsonaien rolak aldatuz ohiko egoera bat surrealista bilakatzeko, alegia). Baina, eguneroko bizimodua euskaraz egiteko ahaleginean, administrazioarekin behin eta berriz talka egin dugunontzat iraingarria da, lizuna. Guk ongi baitakigu zer den hizkuntza ofizialetako bat erabiltzeko eskubidea baliatu nahi izateagatik bazterkeria nozitzea. Izan ere, euskaraz hitz egitea eskubidea da, bermatzeke dagoena, baina eskubidea azken batean. Eta funtzionarioa izatea, aldiz, ez. Badago mundu oso bat administrazio publikotik harago. Funtzionario izan gabe ere bizi daiteke. Akaso, herrialdeko bi hizkuntza ofizialak jakiteak betebeharrekoa izan beharko luke Eusko Jaurlaritzan lan egiteko. Eta, igerian ez dakienak suhiltzaile izateko ateak itxita dituen bezala, hizkuntza-irizpide hori betetzen ez duenak ezingo luke inolaz ere bazterkeriatzat hartu administrazio publikoan onartua ez izatea. Baina hori, agian, alegiazko mundu batean izango litzateke, otsoak onak diren eta Euskal Herrian euskaraz bizi daitekeen errealitate paralelo batean. •