24 SET. 2016 Hausnar dezagun, bada Laura Mintegi Ondo etorriko zaigu hausnarketa eguna. Irailaren 25erako hauteskunde kanpaina intentsua eta bizia izan da, eta hautagaiek berebiziko ahalegina egin dute beren mezuak herritarrengana helarazteko. Gaur lasai egoteko eguna da, mezu politikoetatik deskonektatzeko eta arnasketari eusteko biharko emaitzak ikusi arte. Ondoren etorriko dira ikerketa analitikoak, datuak justifikatzeko azalpen erabatekoak, itun posibleen aurrerapenak, gobernu berriari buruzko kabalak eta suposizioak. Eta non geratuko da herritarrei bi aste hauetan egin zaien interpelazioa? Hamabost egunez hautagaiak saiatu dira herritarren atentzioa deitzen, mezu zuzenak helarazi dizkiete, beren etxeetatik ateratzeko eskatu diete, postontzietan sartu dituzte proposamenak eta proiektuak. Baina irailaren 26tik aurrera berriro emango diete espektadore estatusa. Hartzaile papera edukiko dute, hurrengo kanpainarako deia heldu arte. Eta hori ez da zuzena. Ez da egokia herritarrak bi astean mobilizatzea, eta desmobilizatzea urte osoan zehar. Kanpaina etengabean ezin da bizi, ados. Ez dago erritmoa agoantatzerik eta, gainera, ez da beharrezkoa. Baina ezin da pasa ehunetik zerora. Bi aste hauetan herritarrek eskura eduki dituzte ordezkari politikoak aurrez aurre esateko nahi zuten guztia. Aukera eduki dute beraiekin basoerdia hartzeko, zoriontzeko edo kritikatzeko. Kanpaina amaitutakoan, ordea, telebistan edo irratian entzungo dituzte, egunkarian irakurriko dituzte, baina kontaktu zuzenerako kanalak moztuko dira. Buelta bat eman beharko genioke ordezkapen-demokraziaren sistemari. Ez da zuzena predikatzea politika egiteko modu berria, eta ondoren jaustea modu zaharretan. Lurralde bateko hautagai guztiek lurralde horretako gune eta txokoak ibili eta ezagutu beharko lituzkete hauteskundeen arteko garaian ere. Herrietako asanbladez gain, baliabide digitalak eratu beharko lirateke herritarrek une oro eduki dezaten aukera hautetsiei nahi dutena esateko, kanpaina bitartean eduki duten bezalaxe. Herritar mota eta adin bakoitzeko baliabide ezberdinak jarri beharko dira eskura, zuzenean kontaktuan jar daitezen beren ordezkariekin. Hautetsi politikoak ordezkariak dira, ez ordezkoak; herritarren izenean daude erakundeetan, ez herritarren ordez. Alderdiek, eta bereziki alderdi ezkertiarrek, partaidetzarako ohiko kanalak zabaldu eta kanal berriak asmatu behar dituzte, gaur egun politika ez baita ulertzen garai batean ulertzen zen moduan. Zaila baldin bada jendea asanbladan biltzea, asanbladarako deia egin ordez, beste tresnaren bat erabili kontaktua bermatzeko, kontaktu indibiduala eta kolektiboa, sektoriala eta orokorra. Ezkerrak asmatu behar du modua interpelaziotik entzuketa aktibora pasatzeko. Kabinete berezia sortu behar luke (“Entzuketa Adimentsua” dei litekeena) bere egitura antena sentsibleez hornitzeko eta “buzoi adimentsuak” eratzeko. Proposamenaren helburua ez baita bakarrik herritarren ardura entzutea. Informazioa jasotzetik haratago, herritarrei sentiarazi behar zaie ezkerra ezberdina dela egiatan. Herritarrek “jakin” behar dute noizbait zerbait helarazi nahi izanez gero, badakitela nora jo, badakitela norengana zuzendu eta, gainera, badakitela aintzat hartuko dituztela. Eta kanal horiek egokitu behar zaizkie herritarren adinari, baliabideei eta bizilekuari. Ez da onestoa atentzioa eskatzea eta ondoren atentziorik ez ematea. Ez da ezkerraren estiloa herritarren alde egitea baina herritarrekin ez kontatzea. Hautagaiak beren etxeetara hurbildu diren bezalaxe, halaxe eskaini behar zaie herritarrei politikariengana hurbil daitezen, nahi dutenean. Nola? Seguru nago ezkerrak asmatuko duela modua partaidetzarako kanal imajinatiboak sortzeko. • Ezkerrak asmatu behar du interpelaziotik entzuketa aktibora pasatzeko modua. Kabinete berezia sortu behar luke bere egitura antena sentsibleez hornitzeko eta «buzoi adimentsuak» eratzeko