GAUR8 - mila leiho zabalik

Mr. Bean


Ez dut dentistarengana joatea maite. Ez zait gustatzen. Ez dut atsegin. Urtean behin joatea komeni omen da, baina bisita horrek hilabete batez, gutxienez, astero joanaraziko nau. Bisita bat baino gehiago egin beharko ditut eta urtero bezala galdetuko diot, ea ezin dizkidan egin beharreko konponketa guztiak arratsalde batean egin. Ezetz esango dit eta hortxe hasiko da urteko prozesio garestiena. Hortzetako zuloak konpontzeko poltsikoak zulatu behar baitira.

Dentistaren besaulki urdinean eseri orduko Mr. Bean burura etortzen zait. Dentistari nahi gabe anestesia ziztada sartu eta ondotik bere hortzak konpontzeari ekiten dio aurrean duen erradiografiari begira. Ahal banu horixe egingo nukeela pentsatzen dut beti: ez dentista lurrera bota, baizik eta egin beharrekoak nire buruari ordu erdian egin eta etxera buelta. Mr. Beanek bai jakin!

Mr. Beanen esketxek eta esketxen errepikapenek, dentistaren kontsultarako ez ezik eguneroko egoera txikietarako irakaspen bikainak ematen dituzte.

Nor ez da lotsatuta sentitu parrandara joan eta dantzan ez dakielako? Ez dituelako menderatzen cumbia, zumba edo bachata erritmoak? Mr. Beanen dantzako bi pausoek munduko erritmo guztiak dantzatzeko balio dute. Gerria pendulu bat bezala ezker-eskuin mugitu, gero atzera-aurrera eta kitto! Zein ez da sentitu Mr. Bean hondartzan? Zenbat aritu zarete malabarismoak eginez hondartzan ondoko itsuak, edo begira ez dagoenak, ezer ikusi ez dezan? Zeinek ez du etxea margotzerakoan pintura potoari petardo handi bat jartzeko gogorik izan? Edo elizara bost mendetan lehen aldiz joan eta Aleluiaren “uuuuia”, “uuiiiaaaaaa” gaizki abestu?

Oraingoz dentistaren esketxarekin ibiliko naiz bueltaka pare bat astean eta hitz ematen dizuet ez diodala ez dentistari ez bere laguntzaileari inongo anestesia orratzik sartuko.

Hala ere, dentistaren bat irakurtzen ari bada galdera bat: aho zuloa tramankuluz (xurgagailua, taladroa, llave inglesa…) beteta duen pertsona bati, zergatik egiten dizkiozue galderak? Probokatzeko? •