19 NOV. 2016 Azaroa bidean Miren Azkarate Badiola Azaroaren 3an nire amonaren urtebetetze eguna zen, 90 urte beteko zituen duela bost urte hil ez balitz. Ni, Palentziako Dueñas espetxean ninduten preso, Euskal Herritik 300 kilometrora. Egun hartan ez nuen asmorik amari deitzeko, baina zerbaitek esan zidan egiteko. Nire urtebetetzearen hurrengo eguna zen, martxoaren 10a...Ezin izan nion agur esan hezi ninduen pertsonari, berarekin bizitza osoan bizi izan nintzen amona kuttunari. Berri tristea eta ezin etxekoekin egon.Azaroaren 20an nire lehen iloba jaio zen. Oraingo honetan, Leongo Mansilla de las Mulas espetxean ninduten preso, etxetik 400 kilometrora. Ezin izan nion kaixo esan nire bizitzan sartu berri zen txikiari. Berri pozgarria eta ezin etxekoekin ospatu! Zenbat une on zein txar lapurtu dizkigute? Azaroari dagozkion bi egun seinalatu besterik ez dira aipatutakoak. Orotara, hainbeste egun eta momentu dira lapurtutakoak, ezingo nituzkeela zerrendatu. Azaroa ere kezka hilabetea zen niretzako. Eguraldi txarra ate joka dagoen hilabetea da eta astebururo bisitan zetozen lagun eta senideengatik kezka areagotu egiten zitzaidan. Beti zegoen beldurra zen, urtaroak ez zuen axola, baina neguan areagotu egiten zen. Dispertsiorik ez balego, arriskua izugarri gutxituko zen! Hilabete honetan, ileak puntan jarri dizkidan bideo bat ikusi dut dispertsioa hizpide duena. Bere ahizpa auto istripuz galdu zuen emakume ausart baten hitzak biltzen dituen bideoa. Dispertsioak eraildako neska gazte baten adibidea. Dispertsioa existituko ez balitz gertatuko ez zen heriotza. Politika anker hau diseinatu eta martxan jarri zutenetik, hamasei izan dira dispertsioak eta ondorioz bere arduradun politikoek erail dizkiguten senide eta lagunak. Aitortzarik izan ez dutenak azaro honetan ere. Besteoi hainbeste exijitzen diguten horien aitortzarik eta salaketarik gabe. Beti iruditu izan zait txalogarria lagun eta senideen baldintzarik gabeko maitasuna. Berdin du non, berdin du zein eguraldi, berdin du zein baldintzatan, oztopo guztien gainetik, astebururo bidean. Duintasun osoz, burua gora, gehientsuenetan irribarrez eta sekula umorea galdu gabe. Beti maite duenaren alboan. Eta ezer eskatu gabe trukean. Nik behintzat ezingo diet sekula guztiz eskertu egindako guztia. •