GAUR8 - mila leiho zabalik
STEVE BANNON

Gorrotoaren diskurtsoa, egiaren eta ezagutzaren gainetik


Eskuin muturraren bozgorailu, arrazista, mezu politikoki ezegokien maisu, emakumezkoenganako ezinikusia garatu duen pertsona, agitatzaile aparta… Horrela deskribatu izan dute Trump presidenteak bere aholkulari nagusi izendatu duen Steve Bannon. Kanpainan esandakoek ezinegona eragin dieten herritarrak gehiago kezkatzeko moduko izendapena. Breitbart News ataria sortu zuen sarean eta ekimenaren arrakastak eraman zuen kontserbadore askorengan sekulako eragina izatera. Alt-right edo eskuin erradikal berriaren izarretako bat da Trumpek erabaki garrantzitsuenak hartzeko garaian ondoan eduki nahi duena.

Bannonen lehen biktima, gerrekin gertatzen den moduan, egia bera da. Mundua ulertu ezinik geratzeko biderik onena da Breitbartek plazaratutako oinarririk gabeko zurrumurru eta konspirazio teoriei jaramon egitea. Eta egia eta arrazoiak desagertzen direnean, bestearen, ezberdinaren, ezagutza ezinezko bihurtzen da. Hortik aurrera pasioak nagusitzen dira, beldurra eta gorrotoa, hazteko eta gizartean nagusitzeko eskuin muturrak behar duen gasolina. Gainera, Bannonek etengabe egurra ematen die elite politikoari zein ekonomikoari, haserre dauden herritarrek oso gustura hartzen duten mezua.

Aldi berean, balore aurrerakoiak salatzen dituzte eskuindar modernoek. Demokraten zein errepublikano «epelen» politikak jomugan izaten dituzte. Eta hori mezu laburretan egiten dute, esaterako, honako galdera honekin: «Zer duzu nahiago, zure seme-alabak feminista izatea edo minbizia izatea?». Beren egoeraren errudunak politika aurrerakoi horietan ikusten dituztenek bat egiten dute tankerako ideiekin, mendeku hartzen ariko balira bezala. «Gizaki zurien nagusitasuna aldarrikatzen dutenak Trumpen Etxe Zuriaren maila gorenetan ordezkatuta egongo dira», adierazi zuen Harry Reid Senatuko eledun demokratak. Evan McMullin Utah estatuan Trumpen aurka bere hautagaitza aurkeztu zuen politikari kontserbadoreak «antisemita» ere deitu dio Bannoni, juduen aurkako bere jarrerarengatik. Nola uztartu azken adjektibo hori Israelgo eskuindarren artean Trumpen garaipenak eragin duen pozarekin? Nola, Trumpek «amerikar guztien presidentea» izan nahi duela esatea, Bannon bezalako pertsona bat izendatzearekin?

Kanpainan zehar demokratek plazaratu zutenez, Mary Louise Piccard Bannonen emazteak orain hamar bat urte, dibortziatzen ari zirela, kontatu zion “New York Daily News” egunkariari, bere seme-alabak eskola jakin batera eramateari uko egin ziola bertan juduak onartzen zituztelako. Berak dio dena gezurra dela.

Trumpen ingurukoek garrantzia kendu diete salaketa horiei eta bere arrakasta profesionalei begiratu behar zaiela diote. Virginian jaiotako gizona AEBetako Armadak duen egoitza handienetako baten ondoan hazi zen. Militar moduan egin zituen lau urte, destruktore batean. Pentagonoan kargu bat eskuratu zuen eta Georgetown Unibertsitatean ikasteko aukera izan zuen. Harvardeko Negozio Eskolatik barrena Wall Streetera iritsi zen, Goldman Sachs konpainiarekin lan egiteko. Bere inbertsio enpresa propioa sortu zuen ondoren, hedabideen eta ikuskizunen munduarekin lehen harremanak eginez. Orain ia hogei urte Hollywoodera joan zen, zenbait pelikula eta saio produzitzera. Ronald Reagan, Tea Party alderdia eta Sarah Palin Alaskako errepublikanoa goraipatzen dituzten dokumentalak egin zituen.