26 NOV. 2016 Denborak Maider Iantzi Gauzen Internetez idatzi nahi nuen. Lehengo egunean txunditu ninduen Zamudioko parke erraldoiaz. Bertan marraztu zidaten Sarenet eta Irontec-eko zuzendariek bizitzen ari garen iraultza teknologikoak ekarriko diguna, ekartzen ari zaiguna jada. Hotza sartuko dela sumatzean bakarrik jausten diren pertsianak. Beteak ala hutsak dauden jakinarazten duten edukiontziak. Industria lantegi batean makinak noiz honda daitezkeen aurreikusi eta hondatzea ekiditeko sistema. Pertsona bat non dabilen abisatzen duen pultsera. Informazioa duen edozeri aplikatzen ahal omen zaio Gauzen Internet. Irekitzen diren aukerak ikaragarriak dira. Ezin ditugu irudikatu ere egin... Egun berean, Zamudioko parke erraldoitik Etxebarria herri txikira joan nintzen eta hark ere zirrara eragin zidan. Logelan wifia zegoen baina gainerakoan “Herri txiki, infernu handi” saioan bezala sentitu nintzen. Behar nuen lekura eraman ninduten autoan, bide-gorri zoragarri bat erakutsi, hizkera desberdina adituta interesa agertu, solasa eman, bizia kontatu... Horretaz guztiaz ere idatzi nahi nizuen, baina, handik egun batzuetara, ziztada handia sentitu nuen prentsaurreko batean. Joan den asteburuan, Etxebarrian nintzelarik, kartzela urrunetan maite dituztenak bisitatzetik bueltan istripua izan zuten bederatzi senideena zen. Negarra zintzurrean trabatuta eman zuen testigantza Amaia Sarrionandiak eta ezin nion zuzenean begiratu. Mina ematen zidan. Urte gutxitan segundoko megabyte bateko abiaduratik 300 megako ziztu bizira pasa da Internet gure etxeetan. Zorionez, patxada handiagoa arnasten da Etxebarrian. Baina Etxeraten agerraldian denbora izoztuta zegoen. 1989tik eternitatera luzatzen ari den mina. Zenbat segundo, zenbat kilometro, zenbat mobilizazio, zenbat hildako. Eta zenbat horien guztien gibelean pertsonak daude, nahiz eta begiratzea gogorregia egin. •