31 DIC. 2016 Urte amaierako brindis baikorra Amaia Nausia Pimoulier Abenduaren azken egunak iristen direnean ohitura da urteari errepasoa egitea. Ondorengoa beraz, errepaso baikorra izatea espero dut. Eremu pertsonalean urte ona izan den arren, munduari begiratuz gero nire erantzuna agian ez litzateke horren baikorra izanen: Trumpen garaipena, eskuineko alderdien gorakada, Siriaren egoera, etorkinen krisia, emakumearen kontrako indarkeriaren iraunkortasuna... Baikortasunaren aldeko argudioen bila nabil, benetan, baina zaila egiten zait. Hurrengo urtera begira hiperkapitalismoaren sendotzean pentsatzeak mahatsak eztarrian geldiaraziko dizkidala uste dut. Gure oinordekoen ikuspuntuak jakin-mina pizten dio nire barne historialariari; nola baloratuko dute 3000. urteko historialariek gure garai hau? Erromatar Inperioaren erorialdiaren parean kokatuko dute? Egia esateko, horrela izatea gustatuko litzaidake, gerra, krisia eta hainbeste heriotza zentzugabe sistemaren gaixotasunaren zantzu liratekeelako. Mende hasierako iraultzaren gakoak aztertuko dituztela da nire ametsa, “Gizarte neoliberalaren erorialdia” titulatuko dituztela XXI. mendeko hasiera azaltzen duten liburuak, edo “Gizarte patriarkalaren amaiera”. Baina pena dut ez ote gauden gizarte honen sendotze garaian erorialdian baino. Krisialdia? Krisi batean geundela saldu ziguten 2008. urtean, sistemaren hausturaren aurrean. Gezur hutsa, noski, argi baitago gehien zutenek gehiago irabazi dutela egoera honekin. Krisia behintzat ez da beraientzat izan. “Krisia” hitzak jatorri grekoa du eta pertsona, erakunde, gizarte edo sistema baten funtzionamendu normalarekin bat egiten ez duen egoerari deritzo, baita edonolako egoera larriri ere. Munduaren zati ahulenarentzat larria izan da bai, baina ez nuke anormaltzat hartuko; kapitalismoaren normaltasunaren parametroetan jarraitzen dugula esanen nuke. Beraz, sentitzen dut, urte amaierari azken brindisa egiteko kopa hartzen dudan bitartean diskurtso ezkorrarekin jarraitzen dut, eta hau begirada baikorra izanen zela zin egin diot nire buruari, baita zuei ere. Aukera garaia Baikorra naiz, bai, “krisi” hitzak baduelako ere beste esanahi bat: aukera garaia. Historian zehar sistema baten krisiaren ondoren, batzuetan aurretik, iraultzak piztu izan dira. Baina agian kapitalismoarekin amaituko duen iraultza definitiboa ez da etorri. Antzinako Erregimenaren kontrako iraultza (1789), langileen iraultza Errusian (1917)... ez dira behin betikoak izan. Zertxobait falta izan zaigu eta agian 2017. urteak zertxobait hori ekarriko digu. Behin baino gehiagotan esan dut emakumeok egiten dugun erreprodukzio lanari eta soldatarik gabe egiten dugun zaintza lanari esker egiten duela aurrera sistema kapitalistak. Silvia Federici idazle feministaren hitzetan, patriarkatua eta kapitalismoa eskutik datoz, ezin dugu bata menderatu bestea menderatu gabe. Agian, falta zitzaigun zertxobait hori ikuspuntu feminista izan da. “Iraultza feminista izanen da edo ez da izanen” defendatzen duen leloarekin bat nator. XXI. mendea aztertuko duten Historia liburuetan hiperkapitalismoaren alde egin zuen belaunaldia bezala agertu nahi ez badugu, eman zaigun aukera hau aprobetxa dezagun. Gure ondorengoek mende hasierako krisia aztertuko dute eta niri tituluan “Iraultza feministaren mendea” agertzea gustatuko litzaidake. • Silvia Federici idazle feministaren hitzetan, patriarkatua eta kapitalismoa eskutik datoz, ezin dugu bata menderatu bestea menderatu gabe. Agian, falta zitzaigun zertxobait hori ikuspuntu feminista izan da