GAUR8 - mila leiho zabalik

Elikagai ekologikoak, sasoikoak eta bertakoak jangeletan. Posible al da?


Gaitasunen garapena izaten da ikastetxeetako hezkuntza ereduaren helburua. Gai desberdinen inguruko ezagutzak azaldu, ume bakoitzak bere erritmoan barneratu ditzan, baita balore eta motibazioak landu ere, ikasleek zenbait testuingurutan eraginkortasunez eta erantzukizunez egoerak ebazteko gai izan daitezen. Azken batean, eremu akademikoan, pertsonalean eta sozialean ahalik eta gehien garatzea baita helburua, elkartasuna eta erantzukizun partekatuaren bidez pertsona guztien ongizatea bilatuko duen gizarte aldaketa gerta dadin.

Baina, zer gertatzen da gure haurrak ikastetxeko jangelan sartzen direnean? Ikasleek hezkuntza prozesuaren ardatz izaten jarraitzen al dute bertan? Eskoletan zehar garatzen diren hainbat eduki eta balorek indarra galtzen dute koherentziarik eza agertzean. Izan ere, zer daukate beraien platerean? Nondik dator jaten dutena eta osasuntsua al da? Ze balio transmititzen ari gara otorduetan?

Ikastetxe askotako jangeletan bizi den egoera ikusita, bertako baserrietan sortutako elikagaiekin elikadura ekologikoa eta osasuntsua eskoletako jangeletan txertatzeko proiektu bezala sortu zen Ekolapiko proiektua. Ikasleen osasuna eta hezkuntza, ingurumena eta landa-garapena bultzatzeko asmoz sortu zen proiektu honek gaur egun hiru bultzatzaile nagusi ditu; Cristina Enea Fundazioa, Biolur eta ENEEK (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua).

Proiektu honen bitartez, lehengaien ordezkapen hutsa baino are gehiago lortu nahi da; hau da, menu orekatuak eta osasuntsuak, ekologikoak, garaikoak eta bertako elikagaiak erabiliz egindako bazkariak, landa-garapena eta gure baserrien etorkizuna bermatzea eta elikadura eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa lantzea. Hori erdiesteko, alde batetik haurren nutrizio beharrizanak aztertzen dira adituen laguntzarekin, eta bestetik, inguruko baserritarren hornitzaile sarea eratzen da, elikagaien bertako jatorria bermatu eta horien planifikazioa eta eskaintza landu asmoz.

Ekolapiko erantzukizun handia eskatzen duen zeharkako proiektu integrala da, haurren osasuna zaintzeaz gain, ingurumenaren eta bertako landa-garapenaren aldeko apustua egiten baitu. Honela, bertako ekoizpen ekologikoa optimiza daiteke, produktuen eta banaketaren antolaketa hobetuz. Elikadura eredu ona oinarrizkoa da haurrak haz daitezen, eta horrexegatik ikasleei eskaintzen zaien elikadura orekatua, ekologikoa, garaian garaiko gaiekin eta era askotako jakiekin osatua egoteko helburua finkatzen da.

Gurasoen babesa, beharrezkoa

Ekolapiko egitasmoa ikastetxe batean martxan jartzen denean gertatzen diren aldaketek haurren gain duten eragina ere kontuan izaten da; sentsazio berriak probatuko dituzte eta beraien iritzia baliagarria izango da sukaldari, irakasle eta gurasoentzat. Horregatik gurasoen babesa ere beharrezkoa da proiektu hau martxan jartzeko, horien inplikazioa eta sentsibilizazioa bilatuko baita eskolan egiten den lanari etxean jarraipena emateko. Proiektuaren oinarrietariko bat elikadura eta nekazaritza ekologikoaren inguruko sentsibilizazioa lantzea ere badenez, Ekolapikok haurrekin gai hauek lantzeko material didaktikoa eskaintzen du, eskolaren curriculum-ean txertatu ahal izateko. Horretaz gain, guraso eta ikasleekin ekintzak antolatzen dira: hitzaldiak, tailerrak eta baserrietara bisitak, baserritarren lana gertutik ezagutzeko.

Hasieran proiektu hau Gipuzkoako ikastetxeetan aurkeztu zen arren, izan duen bilakaera ikusita, EAE mailan zabaltzea da asmoa. Horregatik, proiektu honen berri emateko asmoz Ekolapiko Egunak egiten ari dira hainbat herritan: urrian, Eibar, Markina-Xemein eta Donostian ospatu dira jadanik; azaroaren 4an Gasteizen izango da eta azaroaren 11n, Beasainen.

Ekolapiko Egunetan, eguerdian antzerki-jarduera izaten da haur zein nagusientzat, lehenengo saioa 12:00etan eta bigarrena, 13:00etan. Bertan sukaldari xelebre biren eskutik ekolapiko errezeta ezagutzen dute bertaratutakoek, ekologikoa, gertukoa eta garaikoa. Arratsaldean beste antzerki saio bat egoten da 17:00etan, eta ondoren, haur eta gazteentzat Barazki Olinpiadak; baratzeko elikagaietan oinarritutako kooperazio eta lehiaketa bidezko jolas sorta bat.

Zatoz hurrengo Ekolapiko Egunera proiektua ezagutzera eta elikadura ekologikoa, garaikoa eta gertukoa festa giroan gurekin batera aldarrikatzera!