28 ABR. 2018 Hiru hiri Erasmusen Ander Gortazar Balerdi Arkitektoa Erasmus urteaz oroitzen naiz tarteka, Bruselan pasa nuen urteaz. Halakoetan gertatu ohi denez, arkitekturaz ikasi nuen zertxobait eta bizitzaz dezente gehiago, hamar urte luze geroago erabilgarri zaizkidan irakaspen ugari tartean. Horietako bat hiri interesgarrien sailkapen ez-zientifiko bat izan zen, arkitektura aitzakia egindako talde-bidaia baten ondorio. Hirigintza konparatua, nahi baduzue, baina berezitasun batekin: pertsonen edertasun motekin egiten genuen analogia. Esan dizuet ez zela zientifikoa. Case study moduan hiru hiri: Brujas eta Gante Belgikan, Rotterdam Herbehereetan. Hiri ederra da Brujas. Alde zahar historikoa Unescoren ondarea da eta zortzi milioi turista jasotzen ditu urtean. Ederra da perfekzioraino, Disney etxeko filma batetik hartua dirudien agertoki (eta pertsonaia) idilikoen moduan. Polita da, beraz, ofizialki, pertsona batzuk ofizialki guapoak diren moduan: kontsentsuz. Eta hortik bizi da Brujas, ederra izatetik, horrek dakartzan albo-kalte guztiekin; postala ikusi baduzu, joateak ez dizu askorik eskainiko. Gante Brujasen bertsio inperfektua da. Ederra da, baina edertasuna gorpuzten duten ezaugarri positiboekin: hiri bizia da, erosoa, denboraren poderioz eta akatsak akats eboluzionatzen jakin duena. Arkitektura estilo ezberdinak topa ditzakezu bertan, hiri-sare dentso baten baitan harmonian. Hiri fotogenikoa da argazkietan zer erakutsi badakielako, baina hori baino askoz gehiago da. Ezagutzeko, ordea, denbora eskaini behar. Rotterdam beste sagardotegi bat da. Bigarren Mundu Gerrak txikitua, alde zaharrik ez du hiriak eta portu industriala oso presente dago. Erdialdea pieza itxuraz inkonexoz osatutako puzzlea da, non ordena handiegirik gabe aurki ditzakegun eliza gotikoa, bizpahiru pisuko pabiloi komertzialak, etxe orratzak, hirigintza modernoa eta postmodernoa, brutalismo pixka bat, high-tech apur bat, dekonstruktibismo pitin bat eta katalogatzen zailak diren beste hainbat artefaktu, Kubuswoningen bizarroa kasu. Iraganaren zamarik gabe, arkitektura-esperimentaziorako gune askea izan da hiria, eta nabari da. Baina hiria definitzen ez duen adjektiborik bada, hori “polita” da. Bat gentozen denok: itsusi-morbosoa dela ebatzi genuen. Rara avis bat, altxor preziatua korda berekoa izanez gero. Esan gabe doa, hiri-estetikaren sailkapen amateur honek ez zigun Hirien Historia irakasgaia gainditzen lagundu. Baina arrastoa utzi utzi zuen gugan, bai diseinatzeko orduan ditugun lehentasunetan, bai eta hiriei begiratzen diegun moduan ere. Itzuli beharko naiz hiru hiriotara, berdin pentsatzen ote dudan ikustera. •