GAUR8 - mila leiho zabalik

Indalezio Bizkarrondo, Bilintx

Aranzadi Zientzia Elkartea

Indalezio Bizkarrondo (1831-1876), Bilintx bezala ezagunagoa, bertsolari eta poeta donostiarra izan zen. Bere lagunen artekoa zen Raimundo Sarriegi, bere zenbait bertso sortari musika jarri zien konpositorea, Juana Bixenta Olaberen bertsoei kasu. Bigarren Gerra Karlista betean, 1876ko urtarrilaren 20an, Antzoki Zaharreko bere etxeko leihotik granada bat sartu eta larri zauritu zen. Hilabete batzuk geroago hil zen, 1876ko uztailaren 21ean. Bilintx hil zen egun berean abolitu zituzten euskal foruak.

Ondoko hau da ezagutzen den Bilintxen argazki erretratu bakarra. Egilea ezezaguna da. Irudia gaur egun Aranzadi Zientzia Elkartearen argazki bildumaren baitan dago, hain justu Gregorio Hombrados Oñatibia (1902-1978) margolari zarauztarraren funtsaren barruan. Hombradosen asmoa euskal artearen inguruko ikaragarrizko lan bat osatzea zen, bere hitzetan “Diccionario Artístico del País Vasco-Navarro”. Joan den mendeko 50eko hamarkadan dagoeneko «60.000 erreferentzia baino gehiago» zituela esaten zuen Hombradosek. Lan hori ez da sekula argitaratu.