14 DIC. 2024 GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA Illunbeko finala, ezeren amaiera baino, bidearen puntu eta jarraia Bertsolaritza ez da txapelketa bakarrik, baina txapelketak dirdira egiten du eta asko ikusten da. Askotan esaten da txapelketak ez duela jasotzen plazaren nolakotasuna bere luze-zabalean eta ñabarduretan. Zaila da hori. Gipuzkoako finala dezente hurbildu da plazako argazkira. Ez da osotasunaren argazkia, baina argazki osoa da. (Argazkiak: Jon URBE | FOKU) Amagoia MUJIKA • Iraitz MATEO Illunbe txalotan lehertuko da gaur arratsaldean. Leherketa horien maiztasunak eta intentsitateak kontatuko dute finala nolakoa den, zenbatetan lortu duten finalistek plaza gorantz ekartzea, borobilari ertzak jartzea. Saioaren lehen partean bertsolari bakoitzak hamasei bertso kantatu beharko ditu. Ariketei erreparatuta, izango du berezitasunik finalak: librean abiatuko dira bertsolariak. Lehen ariketan, binaka, launa bertso josi beharko dituzte, nahi duten neurri eta doinuan. Behin gaia entzunda bien artean erabaki beharko dute neurria eta doinua. Ea nola ateratzen den. Txapelketa honetan zehar izan dira bestelako berrikuntzak ariketetan, eta horrek sortu du lurrikaratxoa. Berez da exijentea txapelketa, eta ariketetan berrikuntzak sartzeak areagotu egin dezake estuasuna. Binaka zortziko txikian jarraituko du, banaka puntuka zortziko txikian, binaka hamarreko txikian eta ganbara. Ganbaran bi gai izango dira, lau bertsolarik gai bati kantatuko diote eta beste lauek beste bati. Horixe lehen partea, 16 bertso finalista bakoitzak. Buruz burukora pasatuko dira bi puntuazio onena dutenak. Eta saioaren azken gailur horretan, beste hamaikana bertso josi beharko dituzte: launa bertso zortziko handian binaka; launa bertso puntuka zortziko txikian binaka; eta ganbaran bakoitzak hiru bertso. Txapela janzteko, lana majo egin beharko da arratsalde osoan zehar. Txapeldunari Arantzazu Loidik jantziko dio txapela. Aurten 50 urte bete dituen Almen bertso-eskolako kide izan zen Loidi neskatoa zela, plazan eta txapelketan ibili diren emakumeetan lehenengoetakoa. Eta bigarren sari bat ere izango da, hori Patxi Goikoleak emango du. Arantzazu Loidiren irakaslea izan zen Goikolea bertso eskolan, eta 25 urtez azpiko bertsolari onenaren saria emango du. Aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan indar berezia jarri da bertso eskolen bidea eta indarra goratzen, hain justu, Almenekoak mende erdia bete duelako. Finala bera bertso eskolen lan oparoaren isla izango da, finalista denak bertako umeak direlako. Rekondorena da kasurik bereziena, duela bost urtetik hona zaletu delako bertsoarekin. Ez da umetatik bertso eskolan ibilia, baina orain Hernaniko bertso eskolan topatu du habia. Zortzi finalistetan bakoitza bide propiotik iritsi da bertsogintzara eta denek egingo dute topo gaur Illunbeko oholtzan, milaka bertsozaleren gozagarri. Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez, 15.30etan irekiko dira Illunbeko ateak. Haur txokoa ere izango da, saioa jokatzen ari diren bitartean haurrek bertan egoteko aukera izan dezaten. Doakoa izango da zerbitzua eta hezitzaileak izango dira bertan. Hortik aurrera, bertsoak agindu dezala. Bertsogintzaren puntu eta jarraia.