GAUR8 - mila leiho zabalik

Emakume talde bat Hernio inguruetan, 1912an

(RUIZ ARKAUTE FAMILIAREN FUNTSA. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA.)

Hau irudi ia piktorikoa da. Konposizioak eta ikuspegiek Hernio mendigunera garamatzate, eta 1912ko udaberrira. Egile ezezagunaren argazkian, Tolosako emakume talde bat zerumugari begira dago, egun oskarbi batean. Ez da falta bazkaria daramana, ezta prismatikoen bidez begira dagoena ere, paisaiaren distiran murgilduta. Urte horretan bertan, Club Deportivo Bilbao erakundeak antolatuta, Pagasarri eta Gorbeia tontorretara igoerak egin ziren; kroniken arabera, tartean ziren emakumeak ere. Hala eta guztiz ere, klub horretan ez zen aintzat hartzen bazkideen artean emakumeak egotea garai hartan. Joan den mendeko 20ko hamarkadaren erdialdean hasi ziren euskal klubak estatutuak egokitzen emakumeak bazkide moduan onartzeko.