GAUR8 - mila leiho zabalik

DANAk utzitako irakaspenetatik, aurrera begirako hainbat gako

Hondamendi naturalen sorrerak, sarritan, aldaketa klimatikoarekin du lotura. Eta horregatik, Greenpeacen ustez, ekosistemak zaintzeak horrelako hondamendien larritasuna gutxitzen lagundu dezake. Hori dela eta, Valentzian Danarekin gertatutakoaren irakurketa egitearekin batera, hainbat irtenbide proposatu ditu talde ekologistak.

Valentziako Paiporta herrian uholdeek utzitako arrastoa konpondu nahian herritarrak, auzolanean. Rober Solsona | EUROPA PRESS

Amesgaiztoa bizi zuten urriaren 29an Valentzian; bost hilabete igaro dira bizi izan zuten guztia gorputzetan iltzatuta geratutako egunaz geroztik. 227 hildako utzi zituen hondamendiak, eta milaka herritarren ondasun materialak urak eraman zituen.

XXI. mendeko hondamendi natural okerrena izan zen datuen arabera: oro har, 250-300 litro erori ziren metro karratuko, eta Chiva hirian zehazki, 500 litro metro karratuko zortzi ordu baino gutxiagoan. Meteorologikoki hori izan zen “Dana” izeneko hondamendi naturala. Ondorioak ateratzeko goizegi bada ere, egindako akatsetatik hainbat irakaspen atera daitezkeelakoan, Greenpeacek txosten bat argitaratu du: “Danak, uholdeak eta aldaketa klimatikoa, akatsetatik ikasi bizitzak salbatzeko”.

Pasa den urriko hondamendia «mugarria» izan beharko litzateke, Greenpeacen ustez. Muturreko fenomeno meteorologikoen intentsitatea handitzen ari dela ohartarazi du, eta bere ikuspegitik ez administrazio publikoa ez herritarrak ez direla «gaiak duen neurrira erantzuten ari» gaineratzen du txostenean. Hala ere, ikuspegi eraikitzailea gainjartzearen alde egiten du talde ekologistak, «oraindik garaiz gaude zerbait egiteko» esaten dute, eta gertakarien errepasoa egiteaz gain, hainbat proposamen jartzen ditu mahai gainean txostenak.

Hainbat gako

Hurrengo urteei begira jarritakoan hainbat irakaspen eta elementu azpimarratu dituzte, ikuspuntu baikor batetik egiten ahalegindu dira. Aldaketa klimatikoari dagokionean, «muturreko gertaera meteorologikoen intentsitatea eta maiztasuna handitzen» ari dela nabarmentzen dute. Lekurik arriskutsuenak mediterraneo ingurukoak dira, faktore jakin batzuen nahasketen ondorioz: faktore geografikoen, klimatikoen eta atmosferikoen konbinazioak.

Larrialdi klimatikoaren eraginak geroz eta suntsitzaileagoak dira, eta hori horrela izanik, aldaketa klimatikoaren «arintzerako» funtsezko bi jardun proposatu ditu gobernuz kanpoko erakundeak. Batetik, ezinbestekotzat jo dute berotegi efektuko emisioa murriztea, horretarako, erregai fosilak murriztearen alde eginez, hala nola gasa eta petrolioaren gutxitzea. Eta bestetik, karbono-hustubide gisa funtzionatzen duten ekosistemen osasuna berreskuratzea, lurrazalaren berotzea saihestuz.

Udaletxeek eta beste instituzioek larrialdi klimatikoari aurre egiteko estrategia eta planak martxan jarri behar dituzte. Egungo eta etorkizuneko arriskuak kontuan hartu eta praktikan jarri behar dituzte, Greenpeacen iritziz, herritar zaurgarrienak identifikatzea izanik lehen lana.

Ondorioen arriskuaz jabetzea da aipatzen duten beste gakoetako bat. Asfaltoak sortutako zoruaren iragazgaiztearen eta ubideen gainean eraikitzeak ondorioak izateko arriskua biderkatzen baitu.

Naturan oinarritutako irtenbideak bilatzea. Egindako ikerketaren arabera, ikuspegi ekonomikoari dagokionez, bideragarriagoa da, eta martxan jartzeko ere errazagoa, azpiegiturak eraikitzeko bestelako moduekin konparatuz.

Lege aldaketa sakonak martxan jartzea. Eta lege aldaketa horietan lehena uholde-arriskuak dituzten eremuetan edozein eraikuntza egitea debekatzea da proposatzen dutena.

Ekosistemen birnaturalizazioa eta lehengoratzea: hezeguneak, ibaiertzak, uholde-lautadak eta baso-masa inguruetan zehar natura lehengoratzeko ekimenak martxan jartzea proposatzen dute, «funtsezko neurria izango da uholdeen ondorioak murrizteko», zehaztuz.

Aurreikuspenak

Testuinguruaren eta epe laburreko eszenatokien aurreikuspenak egitea beharrezkoa da kontuan hartuko diren neurriak proposatzeko. Eta horregatik, aurreikuspenen hurbilpen bat egiten ahalegindu da Greenpeace urtarrilean argitaratutako txostenean.

«Aurreikuspenek diote euri jasa laburreko tarteak areagotu egingo direla, baina eurite horiek intentsitate handiagoa izango dutela», jasotzen du dosierrak. Hiriguneetan euria metatzeak arrisku handiak sortzen ditu, baina zerk sortzen du euri metatze hori? Asfaltoaren eraginez lurzoruaren iragazgaizteak eta ur-ibilguak dauden inguruetan eraikuntza lanak egiteak.

Faktore ezberdinak kontuan hartzeaz gain, araudi eta legeei ere erreparatu die Greenpeacek. Beraien ustez, Europako herrialdeen artean araudi zorrotzena du Estatu espainolak, baina, hala ere, ez omen da aski. Bestalde, legedi eta arau horiek egungo egoerara ez direla egokitu ondorioztatzen dute.

Aldaketarik egin ezean, egungo egoera betikotu daitekeela ohartarazi dute, eta egun dauden hainbat «praktika txarren» artean, larriena uholde-arriskuak izan ditzaketen eremuak okupatzen jarraitzea dela gaineratu dute.

Paiportako herritarrak auzolanean herria garbitzen. Aldana ZARRAOA | GETTY IMAGES

Lau neurri

Hondamendi naturalei aurre egiteko, eta batez ere saihesteko, hainbat neurri proposatu ditu gobernuz kanpoko erakundeak. Baina neurri zehatz horiei erreparatu aurretik, hezkuntzaren garrantzia azpimarratu du: «Eremu guztietan murriztu behar da pertsonek jasan dezaketen arriskua, hiri plangintzen hezkuntzak ere badu zer esana, bertatik hasi behar da, eta bide horretan natura izango da aliaturik onena, lehentasuna herritar zaurgarrienengan jartzearekin batera».

Ezagutza. Arriskua ezagutu eta larrialdia iritsi aurreko prestakuntza ezinbestekoak izango direla ondorioztatu dute. «Epe laburrera begira, ekintza protokoloak eta alerta goiztiarreko sistemak dira neurri eraginkorrenak, eta baita errentagarrienak ere».

Lurralde osoan zehar aldaketa klimatikoak eragin ditzakeen hondamendien «arrisku-mapak» egitea proposatu dute. Eta hezkuntza eremuan indar bereziz landu beharreko gaia iruditzen zaie: «Beharrezkoa da jakintza eta hezkuntza, saihesteko eta babesteko, baita adituek esandako autobabeserako neurriak hartzea ere. Informazioak herritar guztiengana iritsi behar du, batez ere herritar zaurgarrienengana». Hori dela eta, beharrezkoa iruditzen zaie formakuntza plan bat ere martxan jartzea.

Bigarrenik, uraren zikloa berreskuratzea. Ekosistemak lehengoratzeko neurriak hartzea proposatzen du Greenpeacek; izan ere, hezeguneak, ibaiertzak edota basoak funtsezkoak dira uholdeek kalte gutxiago eragin dezaten. Naturan oinarritutako irtenbideak (SBN) hartu behar dira txostenaren egileen ustez, airea eta ura garbitzeko, biodibertsitatea indartzeko eta gizakien ongizatea hobetzeko printzipioak jasotzen dira bertan.

«Akats berak egin gabe ingurua berreraiki», horrela izendatu dute hirugarren neurri proposamena. Bi gako nagusi nabarmentzen dituzte zentzu horretan: batetik, urpean gera daitezkeen lurretan azpiegiturak eraikitzea debekatzea eta hirigintza lurzoruen desklasifikazioa, eragina murriztu ahal izateko.

Era berean, jada okupatuta dauden uholde-arriskuzko eremuetan, premiazkoa da alerta plan espezifikoak martxan jartzea eta neurri gisa babesteko planak egitea. Hala ere, neurririk «onena» epe ertain eta luzean etxebizitza horiek birkokatzea dela jasotzen du txostenak, «lurzoru erabileren progresioa eta arriskurik gabeko beste eremu batzuetarako jarduerak biderkatuz».

Laugarren neurria zehatza bezain zabala da: bizitzak erdigunean jartzea. Larrialdi klimatikoaren aurrean, gizarte osoa berdintasunez babestea eta ezberdintasunak gutxitzeko noranzkoa hartzea beharrezkoa iruditzen zaie Greenpeacekoei. Eta hainbat gomendio egiten dituzte norabide horretan, gomendio batzuk «larrialdi faserako» dira, hau da, hondamendia gertatu eta ondorengo uneetarako, eta beste hainbat, aldiz, «berreraikuntza faserako».

Larrialdi fasea deiturikoan pertsona guztien oinarrizko beharrak asetzea aipatzen dute lehen neurri gisara (ur edangarria, elikagaiak, elektrizitatea, ostatua…), eta oinarrizko hornikuntzak etetea eragoztea, herritarrekin komunikazioa bermatzea eta laguntza sareak martxan jartzea ere ageri dira.

Berreraikuntza faseari dagokionean, berriz, epe luzeagoko neurriak proposatu ditu Greenpeacek. Gomendioen artean daude kaltetuak izan direnei laguntza ekonomiko eta psikologikoa bermatzea epe luzeagoan; eskolak bezalako eraikuntzak ahalik eta azkarren irekitzea, baita harrerako zein adinekoen egoitzak ere; kaltetuek beren etxeak berreskuratu bitartean bizitzeko espazio zainduak irekitzea; eta herritarren parte hartzea indartzea hurrengo urteetako estrategiak jorratzeko prozesuetan.

Bestalde, hondamendiek genero indarkeria indartzen dutela aztertu dute hainbat ikerketetan, eta Greenpeacek nabarmendu du datu horiek kontuan izanik arreta berezia eman behar zaiola indarkeria matxista pairatu duten edota pairatu dezaketen emakumeei. Horretarako neurri zehatzik proposatzen ez badu ere, gaiaren inguruan hausnartzea ezinbestekoa dela azpimarratzen du.

Administrazioa

Uholde arriskuak gutxitzeko eskakizunak egin dizkie aipaturiko txostenean Greenpeacek administrazioei, hainbat neurri proposatuz. Administrazioei eskakizun horiek egiterakoan, helburu argi bat izan dute oinarrian: «Sistema elektriko eraginkorra eta adimentsua sortzea, 2030erako %100ean energia berrerabilgarriarekin funtzionatuko duena, eta 2040rako guztiz deskarbonizatutako sistema energetikoa izango duena».

Eta helburu orokor horretatik abiatuta, tokian tokiko neurriak hartzea proposatzen du gobernuz kanpoko taldeak; izan ere, Greenpeacen ustez, tokian tokiko aldaketek eta neurriek bultzatuko dute aldaketa sakonago bat.

Aurreikuspenak zenbakietan eta joerak hizkera zientifikoan jaso ohi ditugun garaiotan, aspaldidanik ezaguna den esaera da irudi batek gehiago balio ohi duela, eta kasu honetan, aldaketa klimatikoaren ondorioak ikusteko, aski da Danaren irudiak gogoratzea. Datuek, irudiek eta batez ere, bizipenek, bat egiten dutenean, ohartarazpena sakona izaten da.