22 FEB. 2025 3 BEGIRADA: Hontzarena Donostiako Hontza liburudenda. (Maialen ANDRES | FOKU) Beñat GAZTELUMENDI Bertsolaria Aitona eta amona sukaldeko mahaian eserita gogoratuko ditut beti, bazkalondoan, kafesne bana parean daukatela, betaurrekoak jantzita. “Periodikua” dauka aurrean amonak, leihotik begira ari da aitona. «Halako hil da»; datua aterako du amonak, eskelen orrialdea errepasatzen ari den bitartean. «Halakoren lehengusua izango zen, zereko baserrian bizi zena. Joan da hura ere», erantsiko du aitonak, tristura apur batez. «Baina guk hemen segitzen dugu», botako du amonak sententzia, harro, begirada jasoz. Eta halaxe ariko ziren, izenez izen, eskelaz eskela, “periodikuari” begira bata eta leihoz beste aldeko urtaroen joanari adi bestea. Iluntzera arte eutsiko zioten sukaldeko elkarrizketari. “Periodikua” eta eskelak zimurtu arte errepasatutakoan, gaztaroko lekuekin hasiko ziren. «Akordatzen al zara Irubideko erromeriekin? Han bai jendea bildu orduan!», hasiko zen bata eta «errepidea zabaltzeko bota zuten plazatxo hura», bukatuko zuen besteak. Eta halaxe segituko zuten, lekuz leku, fabrikak, etxebizitza blokeak eta errepideak eraikitzeko botatako baserri, garbitoki, masusta-sastraka eta jolaslekuen errepasoa eginez. Nola halakori katu bat azaldu zitzaion gauez, zuhaitz batetik laguntza eske, eta handik jaitsi zuenean auzoko andre baten gorpuzkera hartu zuen -«ez dut esaten hala izan zenik, baina izan ez zenik ere ez»-. Nola halako batek gurdia alderantziz kargatu zuen eta maldan behera amildu zitzaion. Nola harago arrano batek haur bat eraman zuen. Non entzun zituzten otsoak azkenekoz uluka. Nongo sagastietatik osten zituzten sagarrak. Beraiek habitatutako lekuak eta denborak, bizimodu modernoak irentsiak. Azkeneko urteetan txikituz eta txikituz joan zen ezagun zitzaien mundu zati hura; etxetik hiletetara eta hiletetatik anbulatorioko kontsultara. «Joan da hura ere», «hemen gaude gu». Sukalde bat, “periodikua” eta urtaroak leihoz bestalde. Orduan ez nuen ulertzen. Etengabe errepasatu behar hura; izenak, lekuak eta bizipenak. Denborak eramandako arrasto zaharrak. Zer zen nostalgia eta iragan-mina besterik. Itzuliko ez zen zerbaiti eutsi nahia, alde egiten utzi nahi eza. Ulertzen hasi naizela uste dut orain, ni ere joandako leku eta garaien inbentarioa egiten hasi naizenean. Rekalde itxia. Aurresku antzaldatua. Salgai dagoen Hontza. Desegindako espazioak, han bizitako uneetara eta han utzitako jendearen aldamenera itzuli nahia. Ez itzuli nahi hutsagatik, orain inguruan daukagun mundu aldakor eta ezezagunari zentzu bat eman nahiagatik baizik. Nor naizen ni. Nor garen gu. Nondik gatozen. Nola heldu garen honaino. Zer gara bada, esnatu eta egunsentiarekin topo egin duten hontzak besterik. •