GAUR8 - mila leiho zabalik

Gu, bertzeak


«Ni ez naiz arrazista; izatera derrigortzen naute». «Bertze erritmo bat dute. Gu jo eta ke eta haiek solasean... Ze amorrua! Hala galdetu zidan: joan naiteke? Bai, bai, erantzun nion (zoaz nire begi bistatik!)». «Izan ere, ez da inor salbatzen. Eta kasualitatea: denak arraza berekoak dira!»... Asmatuko zenuten zein arrazataz ari ziren. Nor garen gu eta nor diren bertzeak.

Itxarongela batean aditu nituen hitz horiek. Deseroso sentitu nintzen, handik atera nahi nuen; «deitu nazatela lehenbailehen». Denek egiten zuten buruarekin bai-bai, eta nire burua bertze aldera jiratzea izan zen nire adierazteko modua.

Gogoan dut Eskolatxo Feministan aipatu genuena. Arrazismoa lantzea tokatzen zenean beti gertatzen ziren gauzak: istripu txikiren bat, katarroak... eta lau katu agertzen ziren (ginen) egun horietan. Antzerkiaren bidez bertzeen lekuan jarri ginen. Gure taldean honako eszena irudikatu genuen: familia bat bere maletekin muga pasatzera zihoan eta poliziak pertsona bakarrari jartzen zizkion trabak; amari, azal koloreagatik. Horri aitzin egiteko erak asmatu genituen, eta bigarren eszena bat muntatu: taldearen indarrez polizia dagokion lekuan paratu, eta elkarri besotik helduta pasatzen ginen.

Bidez Bide elkartean hainbat herritatik Gipuzkoara migratu duten emakumeen giza eskubideen alde egiten dute. Bertzeak bertze, ikasketen homologazio prozesu luze eta zailetan akonpainatzen dituzte, hemengo sistemak zaintzara bideratzen baititu zuzenean, dakartzaten jakintzez galdetu ere egin gabe, horiek baloratu gabe.

Bidez Bideren tailer batzuetan, poesia dekoloniala landu dute emakume horiek, eta zenbait poema-liburutan argitaratu dute emaitza. Topaketa horietan adierazitako sentimendu-pentsamenduak biltzen dituzte. Poema batek hala dio: «Bertzeak gu gara,/ Aya Yalatik etorriak,/ espoliatutako herrialdeetatik/ oraindik kolonizatuta jarraitzen duten herrialdeetatik». Bertzeak gu gara, eta gu, bertzeak. •