21 FEB. 2026 Lainoa sutan, Urduñan: Erakusketa eta argazki liburua 1962ko ezbehar baten memoria berreskuratzeko Argazkilaritza proiektu batera eraman ditu Endika Diazek lau lagunen heriotza eragin zuen istripu lazgarri baten memoria, erro galiziarrak eta dama misteriotsu baten antzera Urduñako mendatearen hormak biltzen dituen lainoa. Istripua gertatu zen lekuaren energia bildu du «Arde la niebla» erakusketan eta argazki liburuan. Urduñako Ama Birjina laino artean, «Arde la niebla» argazkilaritza proiektuaren irudietako batean. (Endika DIAZ) Nerea Goti S ortu zen herrira itzuli da “Arde la niebla” (Lainoa sutan) Endika Diaz Garcia amurriarraren lehen argazkilaritza proiektu luzea. Bi formatutan egin ere: argazki liburu gisa eta erakusketa bezala. Apirilaren 6ra arte egongo da ikusgai. Protagonista nagusi duen Urduñako mendatetik ez oso urrun ikus daitezke memoria kolektiboan gorderik geratutako istripu tragiko batez hitz egiten duten irudiak, bisitatzeko aitzakiarik behar ez duen Urduña Hiria Museoa espazio berezian, hain zuzen ere. Urduñako alde zaharrean, boluntario talde baten lanak sostengatzen duen erakusleiho etnografikoan, herriak izan dituen gremio guztien oroimena gordetzen da: gozogileak, musikariak, kandelagileak, botikariak, zapataginak... Orain, Urduñako mendatean gertatutako istorio zahar horietako bat dokumentatzen duten irudiei zabaldu dizkio ateak museoak, azpiko solairuko areto zabala emanez. Proiektuaren muinean duela 64 urte izandako gertaera bat dago. 1962ko uztailaren 24an, Compostela orkestrako musikariak eramaten zituen mikrobusa errepidetik irten zen Urduñako mendateko bihurgune itxi horietako batean. Santiago egunaren bezpera zen, bero handiko eguna. Ponferradatik zetozen orkestrako kideak, eta kontzertua eman behar zuten Bilboko Galiziako Etxean hurrengo egunean. Autobusa errepidetik irten eta 200 metroko altueratik amildu zen. Hamasei lagun zihoazen autobus txikian, eta lau hil ziren ezbeharrean: Juan Fernandez Barros, Paulino Prado, Jose Casal Brea eta Jesus Sanchez Picon. Ordutik, “galiziarren bihurgunea” bezala ezagutzen da errepideak egiten duen lehen bira itxi hori. Bada, “Arde la niebla” proiektua gertaera horren memoria ariketa bat da batetik, baina baita naturak zizelkatutako espazio baten erretratua ere. Istripu tragikoaren hainbat elementu eta objektu agertzen dira Diazen lanean; paisaiak, eta, berak dioenez, inguruak duen «energiak», erakarri zuten. Ez da gertaera latz hura bakarrik, «magnetismo berezi bat» dauka inguruak Endika Diazentzat. Ia urte osoan desagertzen ez den lainoa da atmosfera berezi horren elementuetako bat, eta, beste bat, lekuan bertan oraindik geratzen diren autobusaren hondarrak. Proiektuaren elementu zentralak izan dira, baina bada gehiago ere: euskaldunak eta galiziarrak lotzen dituen gertaera berezia da jatorri galiziarrak dituen Diazentzat. Egileak berak deskribatu duenez, proiektuan paisaia argazkiak eta irudi subjektiboagoak daude, genero dokumentala eta poetikoa uztartuz. Argazkietan jaso ditu paisaia, lekukoak, agiriak, musikariak eman behar zuten kontzertuaren kartela, istripuaren aztarnak, garaian egindako krokisa... Guztiekin, doluaz ere hitz egiten duen multzoa osatu du. Milaka aldiz pasa da Diaz Urduñako mendatetik; neguan, begirik kendu gabe lainoak, izotzak eta elurrak estaltzen duten bihurgune itxiz beteriko bide arriskutsuari. Pentsa, elurte garaian, ixten duten lehen mendateetakoa izaten da beti Urduñakoa. Eguraldi onarekin, aldiz, gogoko bidea da txirrindulari askorentzat, eta zer esanik ez, puntu gogoangarria euskal txirrindularitzaren munduan, hainbat etapa epiko bizi izan baitira bertan. Lainoak eta paisaiak eraman zuten Diaz Urduñara, eta ezbeharra bidean agertu zenean, hura bilakatu zen proiektuaren ardatz nagusia. Amurriarra izanik, txikitatik ezagutzen zuen lekua Diazek, eta onartzen du ez dakiela berak aukeratu zuen lekua edo alderantziz izan zen. Hori bai, proiektuaren arimara heltzeko, denboran atzera egin behar da. GAUR8ri kontatu dionez, gaztetan beldurra zion gidatzeari, trafiko istripuei bereziki. Gidatzeko baimena 20 urterekin atera zuen, baina hurrengo hamar urteetan kaxoian egon zen gordeta, 30 urterekin bat-batean bigarren eskuko auto bat gidatzeko aukera sortu zitzaion arte. Horrek errepideetara eraman zuen ostera ere. Informatikaria lanbidez, aurrez ere argazkilaritza proiektu batzuk osatu ditu Diazek, kutsu introspektibokoak nagusiki. Hor dago, esaterako, “3m2” bere lehendabiziko saiakera, irudi kutunez betea eta aitite-amamei eskainitakoa. Ikastaro bat izan zen argazkilaritza mundurako ataria, eta, lekuen energia, proiektuei ekiteko bulkada. «Berriro gidatzen hasi eta justu garai hartan hasi nintzen mendian argazkiak egiten. Orduan, nolabait, argazkilaritzak aitzakia moduan balio izan zidan Euskal Herriko errepideetara gidatzera ateratzeko. Horrela hasi nintzen Euskal Herriko errepideetatik bidaiatzen, eskualdekoetan, Ozekara, Kexaara...», kontatu du. Urduñako mendatearen sonak eta garrantzi historikoak erakarri zuen amurriarrra lehen unetik, eta pentsatu zuen argazki garaikideaz baliatuta izaera dokumentaleko sail bat egitea. Orduan, istripua agertu zen, eta inguruan sumatzen zen atmosfera bereziak gainontzekoa egin zuen. «Niretzako, energia batez ere han goian sortzen da, azkenengo bi bihurguneetan. Jakina, hori guztia istripuarekin lotuta. Hasiera batean, baina, lanbroak eraman ninduen Urduñako mendatera, eta bertako paisaia zoragarriak», azaldu du. Ostean, zirkulua ixteko, istripuaren inguruko guztia agertu zen. Azaldu duenez, urte luzez lainoari bota zitzaion istripuaren errua. Geroago jakin zuen eroritako seinale baten erorketan jartzen dutela autobusa errepidetik ateratzearen arrazoia. Inguruaren historian ere sakondu du, Aketsa Merino historialari amurriarraren eskutik. Diazek dioenez, historiak perspektiba eman dio lekuaren inguruan, baina horren ondoan, sentimendu dosi handia ere egon da prozesuaren atzean. Amaren aldetik, jatorri galiziarra du Endika Diazek, eta, jakina, horrek izugarri hurbiltzen zuen istripuaren istoriora. «Amaren partekiko familia galiziarra da, eta, hortaz, Galiziarekin lotutako kontuek asko hunkitzen naute, bereziki Viveiro herriarekin lotutakoek. Orduan, musikari galiziarren autobusaren istripuaren berri izatean, pentsatu nuen zerbait egin behar nuela», kontatu dio GAUR8ri. LEKUKOEN OROITZAPENAK Hasiera batean helburu hori ez bazuen ere, lanak dokumentazio alderdi bat ere izan du. Hainbat agiri eta prentsa artikulu kontsultatu ditu Diazek, eta lekukoen testigantzak ere bildu ditu. Lekuko horietako batzuk Diazen erretratuetan ageri dira. Nabarmendu duenez, informazio handia dago istripuaren inguruan, eta, neurri batean, erakusketarako material bihurtu da. Lekukotasunak jasotzea lehen pertsonan kontatutako bizipenei leku egitea ere izan da, gertatutakoa bertatik bertara bizi izan zutenei ahotsa ematea argazkilaritzaren bidez. Diazek kontatu du ezbeharra gertatu zenean jendea korrika igo zela lagundu nahian. «Autobusa, gainera, oso leku konplikatuan erori zen. Jende asko bertaratu zen erreskate lanetan laguntzeko», azpimarratu du Diazek. Alderdi horrek isla izan behar zuen egitasmoan; hildakoak bere furgonetan jaitsi zituenaren kontakizuna, baserri aurretik anbulantzia eta auto pilo bat pasatzen ikusi zituen umearen oroitzapenak, Arrastaria haraneko artxibategiko aktak transkribatzen dituen lagunaren gogoetak... Oroitzapenen artean, istripua gertutik bizi izan zuen beste lekukotza bat ere jaso du Diazek, Dolores Vazquezena, Urduñan ezbeharra izan zuen autobus gidariaren alabarena. Vazquezek Galizian izan zuen Diazen proiektuaren berri, egitasmoari buruz argitaratu zen erreportaje baten bidez. Amurrioko udaletxera deitu zuen galiziarrak Diazen kontaktua eskatzeko. Behin baino gehiagotan hitz egin badute ere, ez dute elkar ezagutzeko aukerarik izan. Hala ere, argazki liburuaren epilogoa idatzi du galiziarrak, istripu hark etxean utzi zituen sentimenduak plazaratuz. Istripua gertatu eta denbora bat etxetik kanpo egon zen aitaren oroitzapena, bizi izan zuen erruduntasun sentimendua, zama handia izan baitzen gertatutakoa aitarentzat... Istriputik urte dezente pasatuta zirela, tren bidaia batean, bidaiari batzuek Urduñako galiziarren ezbeharraz hitz egin zioten Dolores Vazquezi, zeharkako flauta baten pita aurkitu zutela inguruan... Diazek kontatu duenez, Vazquez ez zen gai izan gidariaren alaba zela esateko, gertaerak utzitako minaren erakusle. “Arde la niebla” lanarekin Euskal Herria Argazkia sarien lehen edizioa irabazi zuen 2024ko urrian Diazek. Hortik jaio zen lehen erakusketa, kolektiboa. Geroago etorri zen Amurrioko estreinaldia, eta Ander Larrinaga lagunak idatzitako testuak, proiektua osatu eta istorioa kokatzeko. Erakusketa, gainera, logika baten inguruan egituratu dela azaldu du Diazek. Istripu baten antzera funtzionatzea izan da ideia, arrisku baxutik hasi eta ikusleak tentsioa areagotzen doan ibilbide bat osatuko balu bezala. Horma bakoitzean kontakizuna osatzen duen erretratu multzo bat dago, protagonista baten irudia eta zuhaitzak, omenezko lore-sortak balira bezala. “Arde la niebla” erakusketa apirilera bitartean egongo da ikusgai Urduñan. Sara Medinaren olerki batean inspiratutako titulu bereko argazki liburuak, berriz, bide propioa jarraituko du. Argazki liburua finantzaketa kolektiboko kanpaina bati esker argitaratu da eta Jaime Narbaez diseinatzaile ezagunak eman dio forma, zuri-beltzeko eta koloreko argazkiak uztartzen dituen 86 orrialde horiei erritmoa jarriz. «Lanbroak eraman ninduen Urduñako mendatera, eta paisaia zoragarriak. Oso leku aproposa da argazkilaritzarako, baina istorio honekin topo egin nuen», kontatu du Diazek Istripua lanaren epizentroan kokatzea erabaki eta dokumentazio lana abiatu zuen Diazek. Istripuari buruzko informazio asko topatu du Urduñan, Arrastarian eta Amurrion 1962ko uztailaren 24an, Compostela orkestrako musikariak eramaten zituen mikrobusa errepidetik irten zen Urduñako mendateko bihurgune itxia batean: lau lagun hil ziren «Arde la niebla» erakusketa Urduña Hiria Museoan egongo da ikusgai hurrengo apirilaren 6ra arte. Bihar 12.30ean bisita gidatua egingo dute Endika Diazen eskutik