bidaiari - bidaia aldizkaria

Dena prest Kroketaren VI. Asterako, Nafarroa osoko 80 tabernarekin

Kroketaren VI. Astean 80 tabernak hartzen dute parte, Iruñeko auzoetan eta baita Altsasu, Beintza Labaien, Jauntsarats, Gares, Lizarra, Iratxe, Aiegi, Martzilla eta Tuteran barrena.

Imagen de la II Semana de la Croqueta de Nafarroa. (Jon URBE/FOKU)

Nafarroako Kroketaren VI. Astea ostiral honetan hasiko da, eta 80 tabernatan banatuko da herrialde osoan produktu preziatu honen eskaintza. Parte-hartzaileek kroketa berezi bat aurkeztu beharko dute, «tradizionalenak eta berritzaileenak» eta «glutenik eta laktosarik gabeko bertsioak ere egongo dira».

Antolatzaileek astearte honetan aurkeztu dute «urteko hitzordu gastronomiko garrantzitsuenetako bat, ostalaritzako establezimenduen parte-hartze handiagatik, proposamenen kalitateagatik, urtetik urtera iradokitzaileagoak eta landuagoak direlako eta adin guztietako ikusleen artean harrera ona duelako».

«Azken batean, ezinbesteko hitzordua da kroketak maite dituztenentzat», adierazi dute ohar batean Iruñeko Alde Zaharreko Elkarteak, ANAPEH Ostalaritza Elkarteak eta Irinas Urdanozek, ekimenaren antolatzaileek.

Gastronomia-ekitaldirik garrantzitsuena

Álvaro Urdanozek nabarmendu duenez, «hitzordu hau finkatuta dago, publikoak espero du, eta ekimen honetan konfiantza duten ostalarien babesa du; gainera, horietako askok bat egiten dutenez, Nafarroako urteko gastronomia-ekitaldirik garrantzitsuena da».

Horretan bat etorri da Carlos Albillo, Iruñeko Antigua Kasua elkarteko kudeatzailea, eta gaineratu du hiriaren erdigunerako parte-hartze handiena duen gastronomia-ekitaldia dela: «Establezimenduen %50 Alde Zaharrean daude».

Beatriz Huartek, ANAPEHko idazkari nagusiak, azpimarratu du tokiko publikoa zein turistak erakartzen dituen ekitaldia dela, eta Ana Elizalde Iruñeko Udaleko Gobernu Estrategikoko, Merkataritzako, Turismoko eta Kulturako zinegotzi ordezkariak ere nabarmrendu du hori. «Izan ere, turismo gastronomikoak honelako ekitaldiak behar ditu, Iruñea bisitatzera etortzen diren pertsona askoren motibazio nagusia delako», adierazi du.

Bestalde, Margari Cuelik, Nafarroako Gobernuko Turismoa eta Merkataritza Antolatzeko eta Sustatzeko Zerbitzuko zuzendariak, ostalarien proposamenen eta lanaren aniztasuna nabarmendu du, kroketa bezain txikia den gauza bati gastronomia-proposamen handi bat egiten baitiote.

Kroketaren VI. Astean 80 tabernak hartzen dute parte, Iruñea eta Iruñerriko auzoetan elkartuta, ibilbideak egitea errazteko, baita beste herri batzuetan ere, hala nola Altsasun, Beintza Labaien, Jauntsarats, Gares, Lizarra, Iratxe, Aiegi, Martzilla eta Tuteran.

Kroketaren Astea establezimendu guztiek beren elaborazioekin parte hartzen duten lehiaketa bat da, eta, lehenik, aurretiko epaimahai batek baloratzen ditu, eta, ondoren, epaimahai profesional batek.

Azken horrek baloratuko ditu Lehen, Bigarren eta Hirugarren Sarietako kategoriak, sormenaren eta berrikuntzaren sariak, kroketa tradizionalaren saria, frijitze-punturik onenaren saria, krematasun handienaren saria eta uztarketa onenaren saria.

Maiatzaren 30ean, asteartean, finala ospatuko da Burlatako Nafarroako Ostalaritza Kooperatiban. Bertan, finalistek beren lanak aurkeztuko dizkiote herrialdeko gastronomiako profesional ospetsuek osatutako epaimahai bati.