bidaiari - bidaia aldizkaria

Expodistrito erakusketa ibiltaria, Bilboko zenbait udaltegitan

Aurten ere, Expodistrito aldi baterako erakusketa ibiltaria izango da ikusgai Bilboko zenbait udaltegitan. Ekimenak launa argazki eta pintura erakusketa eskainiko ditu apiriletik ekainera bitartean.

Aurtego kartela. (kulturabarrutik)

Bilboko Udalak antolatutako Expodistrito aldi baterako erakusketa deszentralizatuen zikloa udaberrian itzuliko da. Hiru hilabetez, apiriletik ekainera bitartean, hiriko hainbat udaltegitan launa argazki eta pintura erakusketa eskainiko ditu.

Hain zuzen, Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, honako hauek dira hartzaileak: Leonor Uriarte Ibarrondo (pintura), K-Toño Frade (pintura), Alvaro Hidalgo Trueba (pintura), Rosa Maria Sanchez Nuñez (argazkia), Begoña Elexpe (argazkia), Olga Ruiz eta Sergio Verde (argazkia), Nahiarte desgaitasun psikikoa edo intelektuala duten pertsonentzako sorkuntza artistikorako gunea (pintura) eta Bilboko Photobat argazki elkartea.

Zenbait udaltegitan

Expodistrito ekimenaren edizio berrian, San Inazio-Ibarrekolanda, Castaños, Otxarkoaga, Begoña, Santutxu, San Frantzisko, La Bolsa, Abando eta Errekaldeko udaltegietan ikusi ahalko dira parte hartzaileen proposamen artistikoak, apirilaren 2tik ekainaren 30era.

‘Auzo baten erretratuak’ eta ‘Kultura arteko galerna’ erakusketak urteko lehen hiruhilekoan ere ikusi ahal izan dira, eta udaberri honetan ere eskainiko dira. Gainera, Expodistrito zikloak 2018an 73 urte zituela hil zen K-Toño Frade marrazkilari, kartelgile, karikaturagile, margolari eta idazle kostunbristaren pintura lanaren erakusketa biltzen du.

Erakusketa guztiak doakoak izango dira eta goizez eta arratsaldez bisitatu ahal izango dira. Egitarau osoa www.kulturabarrutik.eus webgunean kontsulta daiteke.