2025 API. 16 Belfasteko James Connolly Esperientzia audio-gidatua, orain euskaraz James Connolly protagonista duen Bisitari Zentroa da Áras Uí Chonghaile. Falls Road-en kokatuta, Belfast-en, Connollyren politika, ideiak eta konpromisoaren monumentu bizia da. Orain, Aste Santutik aurrera, bertan eskaintzen duten James Connolly Esperientzia audio-gidatua euskaraz ere entzun ahal izango da. Zentroko sarrera. (Áras Uí Chonghaile) Bidaiari 2019ko apirilaren 19an, Irlandako presidente Michael D. Higgins Falls Road-en agertokira igo zenean –herri osotik eta nazioartetik ekarritako sindikatuen banderekin apainduta, ehunka ehungintza-langile ohiek eta jarraitzaileek lagunduta– iragarri zuen Áras Uí Chonghaile (James Connolly Bisitari Zentroa) jendeari ireki zitzaiola. Connollyren jarraitzaile talde txiki baten laguntzaz eta gidaritzaz, ametsa egia bihurtu zen. Mendebaldeko Belfast-en dagoen zentro hau –Connollyren familia 1911tik 1916an hil arte bizi izan zen tokitik oso gertu– James Connollyren politika, ideiak eta konpromisoaren monumentu bizia da.Zentroak erakusten du zer lor daitekeen anbizioa eta ikuspegia determinazioarekin eta ekintzarekin uztartzen direnean. Aurrerakoiek elkarrekin lan eginez egin dezaketenaren adibide bizia da. 2019ko Aste Santuan, Connolly Falls Road-era itzuli zen. Ez litzateke Connolly Zentrorik izango sindikatu mugimenduaren laguntzarik gabe –bai Irlandan eta baita Ipar Amerikan ere–, proiektua aurrera ateratzeko beharrezko finantzaketa lortu baitzuten, azken sei urteotan mundu osoko bisitariak Belfast-era ekarri ahal izateko, Connollyren ondareaz inspiratu daitezen. Zentroa zabalik dago politika guztietako eta inolako ideologiarik gabeko pertsonentzat. Ideia indartsuen eta ikuspegi paregabe baten jabe zen Connolly. Bere exekuziotik 100 urte baino gehiago igaro direnean ere, bere balioak, ideiak eta bizitzan emandako adibidea oraindik ere inspiratzaileak eta erabakigarriak dira. Zentroaren arduradun Seanna Walshek dioenez, «gure zeregin nagusia da belaunaldi berriek, Irlandakoek zein munduko beste toki batzuetatik etorritakoek, Connolly eta bere ideiak ezagutzea». Jatorri xumeko familiatik zetorren Connolly eta bere bizitzan zehar pobrezia ezagutu zuen. Haurtzaroan eskola utzi arren, ikasteko eta inguruko mundua ulertzeko gogoa zuen. Ezagutza-gose izugarria zuen. Jatorri horiek izan arren, irla hauetan eta munduan idatzi diren filosofia politiko eta analisi historiko original eta sakonenetakoak idatzi zituen. Batzuetan, garai historiko jakin batean, belaunaldi oso baten erronka moral eta politiko nagusiak ulertzen dituen pertsona paregabea agertzen da. Connolly halakoa izan zen. Audio-gidatua, euskaraz Erabateko aurkakotasuna zion sekta eta arrazakeriari, langileen arteko zatiketa eragiten zutela baitzekien. Feminista zen, hitza existitu aurretik. Bizitza osoan zehar justizia sozialaren, sindikalismoaren eta sindikatu-balioen aldeko konpromisoa izan zuen. «Urte arrakastatsu baten beste ospakizun baterako prest gauden honetan, pentsamendu aurrerakoiak dituzten guztiak gonbidatzen ditugu –bertakoak nahiz atzerritarrak– gurekin bat egitera eta James Connolly Bisitari Zentroaren ikuspegia bizirik mantentzen laguntzera», dio Seanna Walshek. James Connolly Esperientzia audio-gidatua da. Bere bizitza eta ondarea kontatzen du jaiotzatik heriotzara eta haratago. Munduko hainbat hizkuntzatan eskuragarri dago eta, Aste Santu honetatik aurrera, baita euskaraz ere. «Euskal Herritik etortzen diren bisitari ugari izaten ditugu Mendebaldeko Belfast-en, eta zuen bisita ahalik eta atseginena eta barneratzailea izatea nahi dugu gure zentro moderno honetan. Zatozte hurrengoan Belfastera etortzen zaretenean; Ongi Etorri», adierazi du zentroko arduradun Seanna Walshek.