2025 MAI. 14 Burdinbidearen Museoak tren historiko bereziekin ospatuko du Museoen Eguna Burdinbidearen Euskal Museoak Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko du, maiatzaren 18an, lurrunezko trenaren zirkulazio bereziarekin eta hainbat erakustaldirekin. 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan zirkulazio bereziak izango dira. Tren bereziak jarriko dira martxan Museoen Egunean. (Andoni CANELLADA) Bidaiari Museoko arduradunek adierazi dutenez, tren historikoak izango dira protagonista aurten ere Museoen Eguna ospatzeko, eta 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan zirkulazio bereziak izango dira museoaren Azpeitiko instalazioetatik Lasaoko geltokira. Lehenengoa Compañía de Ferrocarriles Vasco-Asturiana delakoren Alsthom 1004 diesel treneko tren-makinarekin egingo da. Era berean, 12:00etan eta 13:00etan, Kraussek (Munich, 1920) Ferrocarriles Vascongados-entzat egindako ‘Euskadi’ eta Sharp Stewart-ek (Glasgow, 1888) Amorebietatik Gernikarako trenbidearentzat egindako Zugastieta trakzionatutako lurrunezko tren historikoak aterako dira. Graftonek (1920) Babcock & Wilcox enpresarentzat egindako lurrun garabia ere jarriko da martxan. Merkataritza zerbitzua eman zuen bertan 1997ra arte, eta, beraz, lurrunezko trakzioko azken ibilgailua izan zen merkataritza zerbitzuan Espainiako Estatuan. Beste jarduerak Aurreikusitako beste jarduera batzuren artean, U-52 (Bilboko Hiri Tranbia, 1932) eta 218 (Zaragozako Tranbiak, 1952) tranbia elektrikoak ere erakutsiko dira. Bestalde, larunbatean, maiatzaren 17an, lurrunezko trenaren ohiko irteerak mantenduko dira, denboraldi erregularraren barruan, eta 12:00etan eta 17:30ean izango dira. Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren multzo onenetakoa du ikusgai bere instalazioetan, era guztietako ibilgailuekin: lurrunezko lokomotorrak, dieselak eta elektrikoak, automotorrak eta hainbat motatako bagoiak. Era berean, Urolako Trenaren garai bateko tailerra tarteko, museoak Euskal Herriko makina-erremintaren multzorik osatuenetako bat du, bai eta XIX. mendearen amaieratik trenbidean erabilitako uniformeen erakusgaiak eta munduko trenbide erlojuen bildumarik onenetakoa ere. Burdinbidearen Euskal Museoa 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era dago zabalik asteartetik ostiralerako lanegunetan, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era larunbatetan, eta 10:30etik 14:00etara igande eta jaiegunetan (astelehenak izan ezik).