2025 UZT. 07 Euskal Herriko mendi, bailara eta herriak, musikaz blai Urmugari esker Euskal Herriko mendiak, bailarak eta herriak musikaz beteko dira, uztailaren 11tik 31ra, Urmuga jaialdiari esker. Gainera, «berrikuntzaz beteriko edizioa izango da aurtengoa, 2020tik egin diren guztietan handiena eta bereziena», antolatzaileek iragarri dutenez. Aurtengo edizioko aurkezpena. (Andoni CANELLADA | FOKU) Bidaiari Ekimen nazionala izateko bokazioaz jaiotako Urmuga jaialdiaren lehen berrikuntza ibilbideari lotuta dago. Bideak, beti bezala, Mendebaldetik Ekialdera egingo duen arren, zeharkaldi osoa ez du Urmugatik bertatik egingo; ibilbidearen zati batzuetan Kantauri nahiz Ebroranzko isurialdeetatik ibiliko da, orain arte ikutu gabeko bide berrietan sartuz. Aldaketa kontuan izanda, aurtengo Urmuga bost ataletan labur daiteke. Lehena Arabako zatia izango da, uztailaren 11n eta 12an egingo dena. Ohiko hasiera eta ibilbideari jarraituko dio, Angulo portutik hasi eta Altube porturaino bi eguneko mendi zeharkaldia eginez.Bigarrenak Bizkaia hartuko du, uztailaren 13tik 16ra. Gaztelugatxen hasiko da, eta lau egunetan Urdaibai eta Durangaldea zeharkatuta, Besaide mendian izango du helmuga.Gipuzkoan egingo da hirugarren atala. Uztailaren 17an Aian hasiko da eta 20an Berastegira iritsiko da. Bidean, Gipuzkoako hainbat bailara zeharkatuko ditu lau egunez: Urola, Tolosaldea eta Goierri. Nafarroako lurretan ere ibiliko da bideak Urmuga hartzen duen puntuetan.Laugarren zatiak Nafarroa hartuko du sei egunez: Uztailaren 21ean Uxuetik abiatuta, San Juan de la Peñako Monastegiraino (Gaur egun Aragoi) iritsiko da uztailaren 26an. Tafallaldea, Zangotzaldea eta gaur egun Aragoikoak diren lurrak ere hartuko ditu bideak, besteak beste Leireko Monastegia, Rocafortako gaztelua eta San Juan de la Peña zeharkatuz.Azken atala, batez ere, Zuberoan ibiliko da sei egunez. Auñamendi, Orhi eta beste hainbat leku magiko zeharkatuko ditu. Baxenafarroak ere izango du bere tokia (Baigorriko bailarak), eta Santa Grazin izango du amaiera uztailaren uztailaren 31n.25 musika saioGuztira, 25 musika emanalditik gora eskainiko du jaialdiak. Honako hauek izango dira, besteak beste, parte hartuko dutenak: Eñaut Elorrieta, Anje Duhalde, Alaitz eta Maider, Leturia, Pirata, Janus Lester, Lorea Zulaika, Alaitz eta Maider eta Maixa eta Ixiar.Kontzertuen guneak, berriz, honako hauek izango dira: Aralarko San Migel, Uxue, Rocaforteko gaztelua, Leyreko San Salvador monastegia, Baigorriko Etxauzia gaztelua, Orbaizeta, Altzo, Arrasate, Ugarte, Amezketa, Aizpearro, Ausa Gaztelua, Gaztelugatxe, Ereñozar, Ziortza, Santagrazi eta San Juan de la Peña.