bidaiari - bidaia aldizkaria

Bizkaiko Zubia, harribitxi arkitektonikoa

1893ko uztailean inauguratuta, egitura mekanikoarekin eraikitako munduko lehen transbordadore-zubia izan zen Bizkaiko Zubia, ‘Zubi Eseki’ izenez ezaguna. Zalantzarik gabe, Euskal Herriko ondare industrialaren harribitxi arkitektonikoa da. Tamalez, 2050. urtean kalteak jasateko arrisku handiena duten 50 lekuen zerrendan sartu du txosten batek.

Zubiaren irudia. (Luis Jauregialtzo | FOKU)

‘Zubi Eseki’ izenez ere ezaguna da Bizkaiko Zubia, Euskal Herriko ondare industrialaren harribitxi arkitektonikoa.

Zubiaren estetika ikusgarria bada ere, bere historia ere erakargarria da, egitura mekanikoarekin eraikitako munduko lehen transbordadore-zubia izan baitzen. Ibaizabal ibaiaren bokalean dago, XIX. mendera arte Bilboko estuario nabigagarria itsasora irekitzen zen puntuan.

Munduko Ondare

Alberto Palaciok eta Elissaguek diseinatuta, 1893ko uztailaren 28an inauguratu zen. Eta 2006an, Unescok Munduko Ondare izendatu zuen, Europako Iraultza Industrialeko eta burdinazko arkitekturako eraikinik esanguratsuenetako bat izateagatik.

Bilboko itsasadarraren azken zatian dago kokatuta, Kantauri itsasoko bokaletik metro gutxira. Portugalete eta Getxo komunikatzen dituenez, aukera paregabea eskaintzen du bi herri bizkaitarrak bisitatzeko. Lehen herrian gomendatzen dute Erdi Aroko kaleeetan pasieran ibiltzea, presarik gabe, eta bigarrenean, berriz, jauregi arranditsuen aurrean geldialdeak egitea.

Burdinazko ametsa

Unescok Gizateriaren Monumentu izendatu zuenean, bere garaiko ingeniaritzaren mirarietakotzat jo zuten: «Burdina ijeztuz egindako ametsa». 

Izan Portugaletetik, izan Getxotik, plataforma hartzea gomendagarria da. Gainera, kotxez ere erabil daiteke. Ohituta dagoenari bidaiak ez dio aparteko emoziorik eragingo, baina bai, ordea, esperientzia lehen aldiz bizi duenari. Izan ere, 45 metroko garaieran dagoen goiko igarobidetik dagoen itsasadarraren ikuspegi bikainaz gozatuko du. Gainera, jakin-nahi handikoa bada, hurbiletik ikusi eta argitu ahal izango du plataformaren orgaren, motorren eta penduluen funtzionamendu mekanismoa.

Tamalez, arrisku klimatikoari buruzko datu-analisiak egiten dituen Climate X enpresak 2050. urtean kalteak jasateko arrisku handiena duten 50 lekuen zerrendan agertzen da. Zerrendan kontinente guztietako natura-erreserbak, parke nazionalak, azpiegiturak eta bestelakoak daude eta Portugaleteko zubia 43. postuan dago uholde arriskuagatik. Neurri eraginkorrak hartzea premiazkoa dela jabetzeko beste ohartarazpen bat.