bidaiari - bidaia aldizkaria

‘Gorbeia Experience’, Gorbeialdeako natura, ondarea eta gastronomia ezagutzeko

Gorbeialdea eta bertako natura, ondare eta gastronomia ezagutaraztea du helburu ‘Gorbeia Experience’ jaialdiak. Urriaren 18 eta 19an, hamaika ekitaldi izango dira: mendi ibilaldiak, birdinga, zaldi ibilaldiak, abentura zuhaitz artean, bisita gidatuak, kultura eta gastronomia esperientziak...

Kartela, egitarauarekin. (Arabako Diputazioa.)

‘Gorbeia Experience’ jaialdiak programa berezia eskainiko du urriaren 18 eta 19an, Arabako Gorbeialdeko natura, ondarea eta gastronomia benetako esperientzien bidez dastatu eta gozatzeko. Gorbeialdeako Kuadrillak bultzatu du ekimena, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Gorbeiako helmuga sendotzeko turismo jasangarri eta kalitatezkoaren erreferente gisa.

«Arabarrok eta bisitariek aukera paregabea izango dugu Gorbeialdea eta bertako natura, ondare eta gastronomia ezagutzeko, hainbat jarduera eta proposamenen bidez: mendi ibilaldiak, birdinga, zaldi ibilaldiak, abentura zuhaitz artean, bisita gidatuak, kultura eta gastronomia esperientziak. Aukera bat da batez ere udazkenean inoiz baino ikusgarriago dagoen eskualde baten esentzian murgiltzeko», azaldu zuen aurkezpen ekitaldian Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak.

‘Gorbeia Experience’ sortu zen ‘Gorbeiako Altxorrak’ turismo ekitaldiaren bilakaera natural gisa. Agustín Otsoa Eribeko Gorbeialdeko Kuadrillako lehendakariak adierazi duenez, «beste urrats bat eman nahi izan dugu bere esentziari eusteko eta Gorbeiak eskaintzen duenaren erakusleiho bizi bihurtzeko».

Horregatik, orain, eskaintzen diren lekuetan bertan egiten diren jarduerak bildu dituzte, «bertakoek eta bisitariek zuzenean ezagut ditzaten gure ingurunea, gure jendea eta egiteko modua». «Jaialdia pentsatuta dago naturaz modu hurbilean, jasangarrian eta egiazkoan gozatzeko. Gorbeia Experiencek nahi duena da aukera ematea natura, gastronomia eta euskal kultura benetan eta modu jasangarrian bizitzeko», gaineratu zuen.

Mendi ibilbideak, lantegiak, birdinga eta abentura

‘Gorbeia Experience’ jaialdia urriaren 18an hasiko da, erreserba behar duten jardueren eskaintza zabalarekin:

• Mendi ibilbideak eta birding jarduerak, hala nola EuskadiTrek interpretazio ibilbidea (Murgiatik Jugatxiko ermitarainoko ibilaldi zirkularra), ehun urtetik gorako haritzen eta udazkeneko paisaien artean, edo birding esperientzia Untzatik (Urkabustaiz) Nerbioiko jauzirantz, Equinoccio Naturarekin batera egindako ibilbide batean, natura ingurune ikusgarri horren aberastasun ornitologikoa ezagutzeko.

• Hipika Eribeko zaldi paseoak (Zigoitia) edo Hipika Gopegik (Zigoitia) Gorbeiako Parke Naturaleko bidezidorretan zehar proposatzen dituen ibilbide luzeagoak.

• Zuhaitz arteko abentura proposamena Hontza Extrem-en eskutik, Oletan (Aramaio).

• ‘Artzain egun batez’ esperientzia Atxeta Gaztan, Oletan (Aramaio). Horren osagarri, Idiazabal gaztaren, sagar zukuaren eta sagardoaren eta ahabi zuku eta marmeladaren dastatzeak egongo dira, ekoizleek berek (Atxineta eta Aramaioko Iturrieta) bideratuta.

• Eltzegintzako lantegiak Ollerietan (Elosu), Blanka Gómez de Segura artisauarekin.

• Irteera mikologikoa, Gorbeiako basoetako perretxiko espezieak identifikatzen ikasteko diseinatutako gida profesional baten laguntzarekin.

Urriaren 19ko egitarauak honako ekitaldiak eskainiko ditu: Oroko Santutegirako igoera gidatua, Murgian zehar egingo den ibilbide enblematikoa, Oroko Santutegia bera bisitatzea, itxiera ekitaldia euskal folklorearekin eta Gorbeia Experience ekimenean parte hartzen duten pertsona guztien arteko lehiaketa, zeina izango baita bisitetan eta jardueretan emango diren pistetan oinarritutako galdera sorta bat. ‘Gorbeia Experience’ programak Gorbeialdeko gastronomian murgiltzeko aukera ere eskainiko du.

Eskualdeko jatetxe batzuek esperientzia eta proposamen gastronomiko bereziak jarriko dituzte bisitarien eskura: sagardotegiko menuak eta txotxa Iturrietan (Aramaio), txorizoa sagardotan, bakailaoa eta txuletoia parrilan eskainiz, eta dastatzeko menuak, hala nola La Casa del Patrónen (Murgia), sasoiko produktuekin, esaterako onddoak edo Idiazabal gazta. Beste batzuek, esaterako Bentazarrek (Elosu), tokiko produktuekin berrinterpretatutako errezeta tradizionalak eskainiko ditu; Nagusik (Murgia) edo Atabakak (Oro, Zuia), berriz, aukera berriagoekin osatuko dute eskaintza.

Gorbeialdeko Kuadrillako XXIII. Argazki Lehiaketa

Gorbeialdeko ostatuak ere ekitaldiari gehituko zaizkio, eta egonaldiak eskainiko dira landetxe txikietan eta hurbileko eta familiako tratuarekin kudeatutako hoteletan, bisitariari atsedena eta abegikortasuna bermatzen dietelarik natura erdian. Haien artean nabarmentzekoak dira Haizatu (Manurga), Ulle Gorri (Untza-Apregindana), Bentazar (Elosu) edo Casa Lafuente (Lukiano), benetako landa txokoak, non xehetasuna zaintzen baita, bai eta Nagusi edo La Casa del Patrón bezalako hotelak ere, biak Murgian, zeinek erosotasun eta zerbitzu egokiak eskaintzen baitituzte EAEren bihotz berdean. Gainera, Gorbeialdeko Kuadrillako XXIII. Argazki Lehiaketak kategoria berezi bat izango du, Gorbeia Experiencek dirauen bitartean hartutako irudiei buruzkoa.

Parte hartzaileek azaroaren 15era arte bidali ahal izango dituzte argazkiak, eta lehiaketako sariak lortzeko aukera izango dute. Gorbeialdeko paisaiak, natura eta bertako bizitza ikusaraztea da lehiaketaren helburua.

Programako jardueretan izena emateko epea irekita dago hemen; izan ere, irailaren 30a baino lehen izena ematen dutenek saria dute. Irailaren 30era arte egindako izen emateek 5 euroko opari bonua jasoko dute, eta jarduera batean baino gehiagotan izena ematen dutenek 5 euroko bonu gehigarria. Informazio guztia web helbide berean dago.