2025 AZA. 10 Abenduan hasiko da eraikitzen Cadagua ibaiaren gaineko oinezko eta bizikletentzako pasabide berria Abenduan hasiko dira Cadagua ibaiaren gaineko pasabidea eraikitzeko proiektuaren obrak, Alonsotegiko Arbuio auzoan. Oinezko eta bizikletentzako pasabide gisa duen funtziotik harago, «sinbolizatu egiten ditu ondarearen berreskurapena, jasangarritasuna eta ingurumenaren gestio arduratsua», Bizkaiko Foru Aldundiaren esanetan. Arbuio. (Bizkaiko Diputazioa.) Bidaiari Proiektu giltzarri hori Cadagua 4.1 linearen parte da (Bilbo-Balmaseda), Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialaren barruan (BBBLPS). Honako helburu hauek ditu: benetako alternatiba sustatzea mugikortasun jasangarrirako, erabiltzen ez diren burdinbide-elementu historikoak berreskuratzea eta zonako segurtasun hidraulikoa hobetzea. Pasabide berriak funtsezko lotura bat ezarriko du Cadagua ibaiaren bi ertzen artean, Arbuioko biztanlegunearen parean. Proiektua Bizkaiko industriaren historiarekin uztartzen da, erabilera berria ematen baitie Bilbao-La Robla burdinbidearen zubi zaharreko jatorrizko pilare sendoei. Ildo estuko trenbide historiko hori, Mendebaldeko Europako luzeena izana, ezinbestekoa izan zen Bizkaiko siderurgiarako ikatza garraiatzeko lanetan. Azpiegitura hori berreskuratuz, omenaldia egingo zaio tokiko ondareari eta segida emango zaie egungo bizikleta-ibilbideei. Izan ere, pasabideak lotura egingo du ibaiaren eskumaldeko burdinbide-plataforma zaharraren tarte egokituarekin, zeinak konektatzen baitu La Cuadra, Sodupe eta Gueñesekin. Diputazioaren ordezkarien arabera, nabarmentzekoa da proiektuak konpromiso sendoa duela jasangarritasunarekin eta Uraren Euskal Agentziarekiko (URA) lankidetzarekin. «Hautatutako alternatibak, portaera hidraulikorik onena duen aldetik, segurtasun handiena bermatzen du ingurunerako». Hona zein den proiektuaren jarduketa garrantzitsuenetako bat: zubi zaharreko hiru pilare guztiz kentzea, Cadagua ibaiaren ibilguan dauden seietatik. Neurri horri esker, Jabari Publiko Hidraulikoaren (JPH) okupazioa murriztuko eta zonako uholde-arriskua arinduko da. Ekomugikortasuna «Arbuioko pasabidea diseinatzeko, jasangarritasun eta ekogarraioko irizpideak erabili dira. Oinezko eta bizikletentzako bideak, zeinak 4 metroko zabalera eta errei bereizi bi baititu, berebiziko ekarpena egingo die Euskal Agenda 2050en karbono-neutraltasuneko helburuei: 2050erako, %80raino murriztea berotegi-efektuko gasen emisioak», esan du Diputazioak. Pasabidearen egitura nagusia zur ijeztua erabiliz eraikiko da baorik luzeenetan; hala bermatuko da paisaian ondo integratzen dela, eta murriztu egingo da proiektuaren karbono-aztarna. Era berean, argiztapen-sistemak gestio adimenduneko LED teknologia erabiliko du, kontsumo txikikoa, efizientzia energetikoa optimizatzeko. Arbuioko pasabideak adibidetzen duen inbertsio publikoak inpaktu positibo hirukoitza du: pertsonak eta komunitateak konektatzen ditu, ingurumena babesten du esku-hartze konkretuen bidez eta lurraldearen memoria historikoa zaintzen du.