2025 AZA. 24 ‘Nafarroa, behar bezalako turismoa’ kanpaina, «sektoreak dituen balio positiboak sustatzeko» ‘Nafarroa, behar bezalako turismoa’ kanpaina berria diseinatu du Nafarroako Gobernuak, «sektore horrek dituen balio positiboak sustatzeko». Zehazki, honako hauek bezalako alderdiak nabarmenduko dira, besteak beste: enplegua sortzea, Nafarroako lurralde ezberdinen garapen ekonomikoa, ingurumena zaintzea, azpiegiturak garatzea edo ondarea mantentzea eta birgaitzea. Bardeak. (Xurxo Lobato) Bidaiari ‘Nafarroa, behar bezalako turismoa’ kanpainainaren aurkezpen ekitaldian, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko kontseilari Rebeca Esnaolak azpimarratu nahi izan du, «turismo-arloa nolabaiteko mesfidantza eta gizartearen gaitzespena pizten ari den une honetan, beharrezkoa dela gogoraraztea turismoaz hitz egitea enpleguaz, garapen ekonomikoaz, ingurumenaren zaintzaz, ondarearen kontserbazioaz, azpiegituren garapenaz edo despopulazioa geldiarazteaz hitz egitea dela, besteak beste». Adierazi du, halaber, beharrezkoa dela eredu turistiko iraunkorra defendatzea». «Profesionalek, jakina, ez dute nahi kontrolik gabeko turismo batek bizikidetza-arazoak eragitea, gure paisaia- eta ondare-baliabideetan arriskuak sortzea, eta, azken batean, gure esentzia galtzea, barne-helmuga erakargarria, erreferentea, paregabea eta berezia baikara, eta eskaintzaren kantitatea ez ezik, kalitatea ere bilatzen baitugu, baita bisitatzen gaituztenena ere». Era berean, Esnaolak nabarmendu du Nafarroako turismoa BPGren %5,4ra iristen dela gaur egun, eta horrek herrialdeko ekonomiaren «funtsezko zutabe» bilakatzen duela, enplegu osoaren %7,1 ere hartzen baitu, «ia 20.000 lanpostu». Sektoreak bilakaera ona izan du 2025 urte honetan, bisitak iaztik hona %1,5 gehitu eta guztira 1.600.000 turista jaso baititugu irailera bitarte. Kontseilariarekin batera Turismoko zuzendari nagusi Ana Rivas ere izan da aurkezpenean. Esan du batez besteko egonaldia luzatzen ari dela eta, aldi berean, gastu-maila interesgarria duen turista-mota bat erakartzen ari dela. «Gure helburu nagusia da gure enpresetan lehiakortasuna handitzea», zehaztu du. Turismo arduratsua eta iraunkorra Turismo-sektorearen balio positiboak sustatzeaz gain, Turismoren kanpaina berriaren asmoa da egungo «turismofobia» indargabetzea eta Nafarroan gertatzen ez diren mito eta errealitate faltsuak eraistea; tartean, masifikazioa, botiloi-turismoa edo ingurumena suntsitzen duten jarduera turistikoak. Era horretan, ‘Zaindu gure sekretua’ kanpaina, ‘Aztarna positiboa’ proiektua edo Nafarroak turismo-fluxuak arautzeko egindako ahaleginak bezalako ekimenen ildotik, herrialdeak turismo arduratsuaren eta iraunkorraren alde egin duen apustua nabarmendu nahi da. Kanpainaren informazioaren arabera, natura, Nafarroako kultura eta Komunitateko herrietako biztanleak errespetatzen dituen turismoa lortu nahi da, eta turismo masifikatua ez izatea. Ildo horretan, «Foru Exekutiboa egun zabaltzen ari den estrategia turistikoak ez du turista asko erakartzerik nahi, baizik eta iraunkortasunarekiko, natura zaintzearekiko, pertsonak errespetatzearekiko eta inklusibitatearekiko sentsibilitatea izan eta benetakoa estimatzen duten nitxo publikoak erakarri».