bidaiari - bidaia aldizkaria

Tolosa eta Alegia arteko bidegorria guztiz erabilgarri egongo da berriz

Tolosa eta Alegia arteko Oria ibaiko bidegorriaren ibilbide zatia irekiko da berriro urtarrilaren 29an, lanak amaitzeko aurreikusitako data baino lehen. Horrela, tartea erabat erabilgarri egongo da, segurtasun berme guztiak eskainiko baititu Tolosaldean kirola egiteko eta aisialdirako hain erabilia den bidean.

Tolosako bidegorria. (Gipuzkoako Diputazioa.)

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, azaroaren 10ean hasitako lanak erritmo onean egin dira, eta, horri esker, aurreikusitako epeak laburtu dira. Lurzorua pixkanaka ibaiaren ezpondara lerratzearen ondorioz izandako hondoratzea konpondu da. Horretarako, ezponda egonkortzeko eta eskoratzeko lanak egin dira, bidearen egitura bermatuz.

Halaber, galtzada sendotu, errodadura geruza berritu eta pintatzeko eta seinaleztatzeko lanak egin dira. Jarduketa osatzeko, baranda eta argiztapena berritu dira, eta ingurua leheneratzeko lanak ere egin dira hondatutako eremuan.

Segurtasuna eta egonkortasuna

Aldundiak eskerrak eman nahi izan dizkie erabiltzaileei obrak egin bitartean izandako pazientziagatik, jarduketak bidegorriaren eguneroko erabileran eragin handia izan baitu. Hala ere, beharrezko esku hartzea izan da azpiegituraren segurtasuna eta egonkortasuna bermatzeko eta epe luzerako baldintzarik onenetan erabiliko dela ziurtatzeko.

Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako Saila Tolosaldean eta Gipuzkoa osoan hedatzen ari den bidegorriak mantendu eta berritzeko planaren barruan egin da esku hartzea. Ildo horretan, Aldundia artatze plan zehatz bat garatzen ari da, 104 kilometro inguru hartzen dituena lurralde osoan, eta 151 puntu desberdinetan jarduten du, garbiketa lanak, seinaleztapen eta babes elementuen hobekuntzak, bide zoruak indartzeko eta drainatze eta egiturak bermatzeko jarduketak eginez, besteak beste.